Podcast

Alardearen erronkak Irungo V. Berdintasun Planean ezinbestean txertatu behar direla esan du Emakundek

Miren Etxebeste, Irungo Udaleko Berdintasun ordezkaria


Alardearen erronkak Irungo V. Berdintasun Planean ezinbestean txertatu behar direla esan du Emakundek

Urtebeteko parte-hartze prozesuan adostutakoa babestu eta Emakundek egin dituen oharrak kontuan har ditzala galdegin dio Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeak Jose Antonio Santano alkateari. 

Irungo Udaleko V. Berdintasun Planaren baitan PSE/Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal gobernu koalizio kideen arteko desadostasunak bere horretan darrai. Udaleko Berdintasun arloak abenduaren 14an Emakunderi igorritako dokumentuaren ondotik, abenduaren 16an alkateak beste bat igorri zuen. Elgarrekin Podemos taldeak garai hartan salatu zuenez, "alkateak bulego bateko ate itxian erabaki zuen urtebeteko parte-hartze prozesuan adostutakoaren aurrean, Alardearen puntua ezabatzea". Alkateak izenpetu zuen bigarren plan hori, eta abenduaren 31n Emakundek bata ala bestea, aztertu beharreko plana zein zen argitu zezala galdegin zion alkateari.

Gaur Miren Etxebestek, Berdintasun udal ordezkariak azaldu duenez, alkateak urtarrilaren 4ean erantzun zuen. Eta orain plan horren azterketa egin ondoan, Emakundek gehitu beharreko 4 ohar egin ditu. "Lehendabiziko hiruak gomendioak dira, baina laugarrenean ezinbestekotzat jotzen du Berdintasun Planak Alarde parekideari buruzko erronkak jaso behar dituela", dio Elgarrekin Podemoseko zinegotziak.

Berdintasun Plana kolokan

Egoera honen aurrean, eta jakinik agintaldi honi bi udalbatza besterik ez zaizkiola geratzen, otsailekoa eta martxokoa, udal osoko bilkuran onartu beharreko Berdintasun Plan berria onartuko ote den ere, eta Emakundek egin dituen ekarpenak kontuan hartuko ote dituen ere zalantzan jarri du Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeak.

Berdintasun arlotik Emakunderen ekarpenak txertatzeko dokumentua lantzen hasi direla argitu du, "gardentasunez eta teknikoki eskatzen den bezala". Baina udal osoko bilkurako gai ordena alkateak zehazten duela oroitarazi du Etxebestek. Eta beraz, orain planteatzen den galdera haien ustetan da, zer pauso emango dituen Jose Antonio Santano alkateak. "plana Alardearen puntuarekin udalbatzara eramatea ala gabe erabaki beharko du, edota plana bera ez bozkatzea. Baina Irun Berdintasun Planik gabe geratuko bada, alkatearen ardura eta bere errua izango da eta ez beste inorena", azpimarratu du.

Zentzu honetan, alkateak Emakunderen oharrari entzungorrarena egitea erabakiko balu "errespetu instituzional falta larritzat" joko luke Miren Etxebestek. Baita kontraesana ere. Eusko Jaurlaritzak indarrean duen eta EAJ-PSEk bultzatutako Berdintasun Legearen irizpideen kontra joko bailuke.

Últimas noticias

Nafarroako Parlamentuan Bidasoaldeko migrazioaren errealitatea azalduko du Irungo Harrera Sareak

Bizikletaz mugitzea Hendaian oraino arriskutsua dela salatu dute

Mobilizazioetan etenik ez... zentsura mozioak Gobernua eta Erretreta Erreforma desegingo ote duen esperoan

Pentsioen defentsaren borrokan jarraitzeko indarturik itzuli dira Bilbotik

Hondartzako kirol-eremua udalaren eskuduntza izan dadin negoziatzen ari da EAJ Madrilen

LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei buruz hausnartzeko hitzordu bana hilero



Este sitio web utiliza cookies para optimizar tu navegación y realizar labores analíticas. Para desactivarlas puedes configurar adecuadamente tu navegador. Si continúas navegando consideramos que aceptas su uso. Puedes obtener más información en nuestra Política de Cookies. Política de Cookies