17 Jun, 2022
Irungo San Pedro eta San Martzial jaietan dena ondo joan dadin hainbat prebentzio kanpaina eta protokolo koordinatu dituzte Irungo udaleko departamendu desberdinek. Ekainaren 17 honetan Urdanibia plazako txosnen irekierarekin, eta ekainaren 18ko Mala Rodriguezen kontzertuarekin hasiko dira ospakizunak. Eta 2021ean sexu askatasunaren kontrako erasoek Irunen %166 batean gora egin dutela kontuan hartuta, ahalegin berezi bat egin dute aurten Berdintasun arlotik indarkeria matxistaren kontra.
Miren Etxebestek, arloko ordezkariak nabarmendu duenez, "indarkeria matxistarekin, emakumeen kontrako erasoak ez ezik, eraso xenofoboetaz ere babestu nahi ditugu, eta horretarako informazio puntu moreak jarriko ditugu jendetza biltzen den leku eta egunetan". Ekainaren 18an, 23an, 25ean, 28an, 30ean Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 2:30ak arte egongo dira martxan. Baita koadrilen eguneko Ficobako herri-bazkarian ere (ekainak 25) 17:00etatik 20:00etara. Eta Gazteguneko jarduerek iraungo duten bitartean, EuskalJai frontoian (Istillaga plazan), ekainaren 26ean 22:30etatik aurrera.
Bestalde, sentsibilizaziorako komunikazio kanpaina sendo bat egingo dute ostatuetan, garraio publikoetan, sare sozialetan, baita bestaguneetan ere, pegatina, serbileta etabarrekin.
Era berean, akonpainamendu zerbitzu bat ere abian jarriko dute, hiru langile ariko baitira jaietan 24 orduz egunero telefono (wahtsappez ere) bidez, edozer gertatu eta laguntzeko prest. Telefono zenbakia: 607 07 02 02.
Alkohola eta drogak
Bestalde, Gizarte Ongizate arlotik gazte zein helduen kontsumoak prebenitzeko kanpaina egingo du. David Nuño zinegotziak nabarmendu duenez, ostalariek gutun bat jaso dute adin txikikoei alkohola saltzea debekatua dagoela oroitarazteko. Eta gazteen alkoholaren kontsumoa prebenitzeko ere, Ailaket elkarteak BotilTZAR programa aurrera eramango du larunbata honetan (ekainak 18) eta ekainaren 30ean. Teknikariak botiloi guneetara hurbilduko dira gazteak informatzeko. "Alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatu nahi da, nahasketak sahiesteko, eta ondo hidratatzea eta elikatzearen garrantzia azpimarratuz, baita zaborrak jaso behar dituztela oroitaraziz", dio Nuñok. Bestalde, ekainaren 23an eta 28an ere, droga ilegalen testatzeak egingo dituzte, modu anonimoan, Sarjia parkean gauerditik aurrera.
David Nuño (Gizarte Zerbitzuak) eta Miren Etxebeste (Berdintasun arloa) hautetsiekin hitzegin dugu prebentzio neurriez