Bidasotarren memoriarekin zorrak kitatzen

Memoria historikoaren berreskurapenean irratiak ere badu bere funtzioa. Hala, bi asteazkenetik behin horri ekingo diogu Antxeta Irratian (Goizeko Kafea 9:00-10:00 eta Iparrorratza 14:00-15:00 saioetan). Aitzol Arroyo Tumas historialariak sakonki aztertu ditu Irun eta Hondarribian 1936ko estatu kolpea eta ondoko gerlan gertaturikoak. Egungo Bidasoa eskualdea ulertzeko, nondik gatozen jakin behar dela sinetsita, memoria historikoarekin ditugun zorrak kitatuz eta gure historiaren pasarteak berreskuratuz. Bide batez, lekukotasunik duen bidasotar orori gonbidapena luzatzen diogu Antxeta Irratian, gurekin harremanetan jarri, eta bere bizipenak uhinetara ekartzeko. Harremanetarako: antxetairratia@euskalirratiak.info

Podcast

36ko gerraren Irungo batailaren lehen egunak: Pikoketako fusilamenduak

1936ko gerraren baitan, uztaileko azken egunetan lehen gorabeherak eman ondotik, abuztuaren 5ean hasi ziren lehen tiroketak. Guadalupe eta San Martzialetik kainoikadak etengabeak izan ziren egun horietan. Eta Irungo bataila ofizialki ondoren hasi bazen ere, 2.300 faxista sakabanatuak zeuden mendian iada Pagogaina eta Erlaitz hartu nahian. Lehen tiroketen ondorioz bajak eman ziren abuztuaren 5ean. Baja partean Behorlegiren zutabean 4 hildako eta 20 zauritu zenbatu zituzten. Abuztuaren 9an lehen bonbardaketa eman zen, Lasarteko aerodromotik ateratako Errepublikaren aldeko armadaren hegazkinen eskutik, faxisten artean zenbait baja eraginez. Abuztuaren 10ean Irungo Fronte Popularreko Defentsa Batzordeak deia luzatu zuen jendearen beharra zegoelako faxistei aurre egin ahal izateko. Abuztuaren 11 Grajera kapitaina Guadalupeko gotorlekuan buru izan zena faxisten esku erori artean, Irunen eraila izan zen. Halere, Pikoketako fusilamenduak dira egun horietako gertakari nabarmenena. Faxistak Ergoienetik kontraerasoa egin zuten gaueko ordu txikietan, eta asalto taktika erabiliz Pikoketako posizioa indarrean hartu zieten milizianoei. Posizioa defendatzen zuten milizianoetatik soilik bik ihes egin ahal izan zuten, Alejandro Colina eta Patxi Arocena. Gainerakoen artean, 9 hildako izan ziren erasoan, eta 13 atxilotu zituzten, ondoren fusilatuak izan zirenak. "No guardar prisioneros, si no eliminarlos" agintzen baitzuen faxisten operazio egunerokoak. Gaur egun oraindik ere, urtero, Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatutako omenaldian, abuztuaren 11 oro gogoan dituztenak: Mertxe Lopez Cotarelo, Pilar Valles Vicuña, Jose Maria Arruti Idiakez, Victor Genua Montiano, Jesus Lopez Casado, Agapito Dominguez Taguada, Bernardo Usabiaga Jauregui, Manuel Justo Alberdi, Vicente Argote, Agustin Miguel Bermejo, Felix Luz Etxeberria, Angel Braña Lopez eta Miguel Jacinto Lopez Martinez.


1936ko gerraren lehen egunak Bidasoan

Bidasotarron memoria historikoarekin zorrak kitatzen saio honen hastapeneko ataletan, 1936ko estatu kolpearen aurreko testuingurua aztertu genuen. Gaurkoan, aldiz, tropa faxistak Nafarroatik eskualdera heltzen zireneko lehen orduak gogoan hartuko ditugu, Irun erori zen arteko batailak eta gertaerak aztergai. Frontearen egituraketa, eta Irunen zein Hondarribian emandako lehen mugimenduak, eta faxisten bidea mozteko Endarlatsako zubia lehertu zutenekotik hasita kontaketa koronologikoa egin digu Aitzol Arroyo Tumas historialariak.


Jesus Carrera Olaskoaga

1936ko estatu kolpea eta ondoko gerra garaiko azterketa egiterakoan, Jesus Carrera Olaskoagaren figura ezin ahaztu daiteke. Hondarribian beti euki da Kandido Saseta komandantearen figura gogoan, baina herriko hainbat pertsonek abiatutako ikerketa bati esker, 1911n Hondarribian jaio zen Jesus Carrera Olaskoaga buruzagi komunista ezagutuko dugu gaur. UGTra afiliatu zen Errepublika garaian, eta Alderdi Komunistan Irungo idazkari nagusi lanak egin zituen. 1932an zerbitzu militarra egin zuelarik, talde komunista bat antolatu zuen Hondarribian. Bere ibilbide politikoa abiatuta, 1936ko gerran bere figura klabea izan zen Gipuzkoako frontea mantentzeko lanetan. Irun eta Gipuzkoa osoa erori zenean, Bizkaiara joan zen 'Gernikako Arbola' batailoian 1937an buruzagi bilakatu zen 140 miliziano bere esku zuelarik. Retaguardiako 'Lenin' batailoian ere izan zen. Baina Bilbo erori zenean, Kantabriara lehenik eta Asturiaseraino joan zen gerraren garapena jarraituz. Teniente gisa atera zen handik, eta ordutik aurrera Bartzelonan Deca komunikazio arlotan aritu zen, eta Ebroko batailaren ondotik Frantziara erbesteratua izan zen. Ehunka euskaldun bezala, kontzentrazio esparruetan bukatu zuen, Saint Cipriane eta Gursen ere egon zen lau hilabetez. Baina alderdi komunistak atera zuen, pertsona garrantzitsua izanik, behin 36ko gerra bukatutzat emanda. Eta naziak Paris hartu zutenean, Hendaiaraino ere iritsi zirela kontuan hartuta, Baionan lan klandestinoa egin zuen nazien aurka. Bere ibilbidea Madrilen bukatu zuen. Arrestatua izan zen 1942ko apiriletik 1943ko martxora arte alderdi komunistako estatu mailako buruzagi izanik, heriotza zigorra aplikatu zioten. Bost hilabetez atxilotua izan zuten torturapean, hanken mugikortasuna galdu arte. Halere, bere burua defendatu zuen epaiketan. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatua izan zen. Azken urteetan egindako ikerketei esker, bere gorpuzkinak berreskuratu eta Hondarribian


Josu Zabalaren erailketa Hondarribian

Gaurkoan 1976an Hondarribia eta eskualdeko hainbat belaunaldi betirako markatu zituen Josu Zabalaren erailketa dugu hizpide. 70. hamarkadan diktadura frankistaren azken hatsetan, eta trantsizioaren aurretik giroa nahasia zen. Gasteizen "grisen" eskutik emandako sarraskian 150 zauritu eta 5 langile erahil zituzten. Eta egun horietan ere, figura garrantzitsua dugu, Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur". Ultraeskindarrek bere Hondarribiko etxea txikitu zuten, eta Hendaian "Pertur" bera desagertu zen, sekulan argitu ez dena. Astebete beranduago, irailaren 8an, giro nahasi horretan, diktadura ondoko lehen Hondarribiko Alarde egunaren ospakizunean indar polizialek herria hartu zuten. Espainiako banderen lekukoa hartu zuten ikurrinak herriko balkoietan. Eta Mercedes Iridoy alkatesa zela, egun latza kudeatu behar izan zuen. Tejero gobernadore zibilari herria bakean lagatu zezala eskatu zion. Baina arratsaldean, jende andana kalean zela manifestazio espontaneo bat antolatu zen. Eta Portuan, guardia zibilak itsu-itsu benetazko balak baliatuta sartu zen gehiegikeri handiz. Askok mendian bukatu zuten korrika betean ihesean. Baina Txantxagorri tabernaren iskinan, Josu Zabala akatu zuten tiroz, nahiz eta bi militarrek egindako autopsian peritonitisa eta bizkarrezurraren hastura eman zuten heriotzaren diskurtso ofiziala.


"Hondarribiako Asturiagako Segada"

Aurreko bi saioetan 1936ko estatu kolpearen aurreko eta lehen egunetan Irunen eta Hondarribian gertatutakoa aipatu genuen. Baina gaurkoan Memoria Historikoan eta denboran jauzi bat emango dugu. 1974ean emandako Hondarribiko Asturiagako segadaz interesatuko gara. Izan ere, 70. hamarkadan gertatutakoak, badute lotura 1936ko gerlaren eta diktadura frankista luzearen ondorio gisa ere. 1970ean, Burgosko prozesua eman zen, diktaduraren historian mobilizazio handienak sortarazi zituenak. Euskal Herrian sekulako oihartzuna izan zuen auzi horrek, baita atzerrian ere, eta nolabait frankismoaren azken urte latzen lekuko da gertaera hura. 1973an Eustakio Mendizabal “Txikia” erahila izan zen. Eta urte hartan zenbait gako eman ondotik, 1974an Salvador Puig Antich exekutatua izan zen. Horren guztiaren ondotik, 1974ko maiatzaren 5ean Asturiagako segada izan zen, hiru protagonista nagusirekin: Jose Luis Mondragon Elortza “Morico” 27 urte, Arrasate, Xabier Mendez Villada “Roke” “Poeta” 21 urte, Santurtzi, Jesus Arrondo “Cocoliso” polizia infiltratua haiekin zihoala segadan. Bertsio ofizialak kontatzen duena, eta benetan dakiguna aztertuko dugu.


1936ko estatu kolpearen lehen eguna Irunen eta Hondarribian

Testuingu politiko nahasia zela, 1936an faxisten estatu kolpea eman zenean, Behe Bidasoa eskualdean ondoko gerraren lehen egunak aztertu dizkigu Aitzol Arroyo Tumas historialariak. Hondarribian kostaldea itxi eta milizianoak Gualupeko gotorlekuan bildu zirenekoa, edota Irungo San Juan plazan armak eta milizianoak bildu zirenekoetatik hasita. Gerraren lehen egunak nola pasa ziren aztertu dugu xehetasun eta bitxikeria guztiak kontuan hartuta.


36ko gerraren aurreko testuinguru politiko eta soziala Behe Bidasoan

Lehen saio honetan, 1931tik aurrerako egoera zein zen aztertu dugu. Estatu kolpearen aurretik eskualdean bizi zen giro politikoa, hauteskundeak eta Errepublika garaia. Baita garai hortan herrian ziren fakzio politiko eta ordezkari zenbaitzuei buruzko xehetasunak ere.




Este sitio web utiliza cookies para optimizar tu navegación y realizar labores analíticas. Para desactivarlas puedes configurar adecuadamente tu navegador. Si continúas navegando consideramos que aceptas su uso. Puedes obtener más información en nuestra Política de Cookies. Política de Cookies