18 May, 2022
Maiatzaren 27an aurreikusia den Irungo udalbatzara begira dira udal talde politiko guztiak. Udal Gobernuak iragarri bezala, 13,6 milioi euroko kreditu aldaketa eztabaidatuko dute 2022ko udal aurrekontuei gehitzeko. Eta zifra historikoa den heinean, hainbat proiektu gauzatzeko aukera eman dezake.
Eszenatoki horren aurrean, EH Bilduk 15 emendakin aurkeztu ditu kontuan hartuak izan daitezen, orotara 9,2 milioi eurotako aldaketarekin. Halere, horietatik 7 milioi euro Ficoba-Kostorbe eremuan kirola eta kulturarako areto erabilanitz baten eraikitzeko izango da. "Denok dakigu bi urteren buruan Bidasoa eskubaloiak ezin izango dituela Europako partidak Artalekun jokatu, eta halako areto berri batekin ere, hiriak oraindik beharrezkoak dituen kultur emanaldietarako beste areto bat lortuko luke", azaldu du Jokin Melidak. Bestalde, eta kirol instalazioen beharrei begira ere, Bidasoa auzoan San Migelgo piraguismo ur-bizien gunean dagoen eraikin zaharra kirolarientzako egokitzea edota Txenperenea eraiki bitartean Plaiaundiko atletismo pista konpontzeko diru partidak ere proposatu ditu koalizio abertzaleak.
Beste diru partida garrantzitsu bat bideratu nahi dute (1 milioi eurokoa) udalak gizarte zerbitzuetarako laupabost etxebizitza erosi eta arraberritzeko. "Gai hau mahaigainean jarri behar da, etxegabetzeak oraindik ere ematen ari dira ia astero Irunen, eta Udalak ez du behin-behinekoan ere alternatiba eskaintzeko aukera", dio Melidak. Bestalde, bakarrik bizi diren adineko 350 bat irundarrei aurrez-aurreko laguntza eskaintzeko programa berri bat abian jartzea proposatzen dute.
Ezaguna da, bestalde, EH Bilduk egina duen udal zerbitzuak auzotara deszentralizatzeko apostu irmoa. Zentzu honetan, HAZ/SAC bulegoa, gizarte zerbitzuen eta liburutegiaren auzo ordezkaritza bulego piloto baten proiektua galdegiten dute. Eta auzoekin pentsatuz ere, hirierdiarekin garraio loturak hobetzearren, GauTxori autobus zerbitzuaren eta unibertsitatera joateko autobusaren maiztasuna azkartzea ere proposatu dute.