20 Jun, 2022
Uztailaren 4tik 10era herrian ospatuko den Hondarribian JAZZ festibala aurkeztu dute gaur Kultur Etxean. Jaialdi honekin, uztailean Euskadiko jazzaldien zirkuitora batu da Hondarribia. Horrela, Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldiekin batera, Hondarribiak bere lekua bilatuko du ere.
Txomin Sagarzazu alkateak argi utzi du, hastapena besterik ez dela, baina irauteko apostua egin dutela. Izan ere, Blues Festibalaren garai oparoak ate atzean geratu diren heinean, kalitatezko formatu txikiagoko musika jaialdiak errotu nahi izan ditu azken aldi honetan Hondarribiak. Fenomena, Amua festibala, musika laburmetraien Amua Inedit bezalakoak. Aurtengo nobedadea, aldiz, 2019an Turismo Plan Estrategiko berriaren helburuetaran markatua zuten jomugetako bat, jazz musika, herriko kaleetara eta bereziki Alde Zaharrera eramatea izango dute erronka.
2023ko ediziorako dagoeneko, 'Womens in Jazz' atala gehituko diote, Europa mailan dauden emakume jazzlarien maila handiari jusitzia egin, eta Hondarribiko jazzaldia emakume jazzlarien erreferente bilakatzeko helburuarekin.
Momentuz, lehendabiziko edizio honetarako James Francis (jazz abangoardiako modako gaztea), Victorija Pilatovic (Europako jazz ahotsik entzutetsuenetakoa) eta pianu-jole flamenkorik onena den Diego Amador dira kartelburu. Baina Euskal Herriko zein espainiar estatuko beste 16 musikarik eta bandak joko dute Hondarribian JAZZ festibalean.
Emanaldiak Itsas Etxean, Kasino Zaharreko lorategietan eta Arma Plazan izango dira nagusiki.