31 May, 2023
Aurtengo Gaztegunea Santiagoko Euskal Jai frontoian izango da urtero bezala. Baina ekainaren 17an Urdanibia plazako eszenatokia GazteARTEan Agertokia bilakatuko da, En Tol Sarmiento-ren kontzertuarekin, eta Irungo ‘Kitzika’ eta ‘Fa Sus 4’ talde gazteen eskutik.
San Pedro eta San Martzial jaietako gazteentzako programazioa indartu eta parte-hartzaileagoa egin du Irungo Udalak aurten. Ekainaren 25, 26 eta 27an Santiagoko Euskal Jai frontoian antolatuko duten urteroko xapitoan jarduera andana bat izango da 17:00etatik gauerdia arte. Haurren eta Nerabeen Partaidetza Foroan haien iritziak bildu dituzte, eta eurek proposatutako Olinpiadak izango dira ekainaren 25ean El Pilar ikastetxeko 12 urtetik gorako gazteek dinamizatuta. Ekainaren 26an GazteTalent lehiaketa egingo dute, eta ekainaren 27an Argazki Rallya ere. Oihan vega, Aitana Grandes, Candi, Asier Hernandez, Maria Lopez eta Josu Rodriguez Djen eskutik Diskofesta izango da egunero. Eta hainbat kontzertu ere. Besteren artean, Santa Saluten, Samurai edo Bengoa taldeek eskainirik.
Aurtengo programazioa indartzeko bideratutako baliabideak bikoiztu egin dituztela nabarmendu du Udaleko Gazte arloak. Egitaraua hobetzeko ez ezik, “gazteek jaietan behar dituzten espazioak ere ukan ditzaten”. Horiek hala, ekainaren 17an Santiagoko frontoian beharrean, Urdanibia plaza bilakatuko da gazteen gunea. En Tol Sarmiento musika talde entzutetsua kartelburu, Irungo bi gazte talde ariko dira telonero lanetan: ‘Kitzika’ eta ‘Fa Sus 4’. “Bertako taldeen sormena bultzatzeko GazteArtean zerbitzutik lanean ari gara urte osoan zehar”, dio Gazteriako teknikari arduraduna Irati Redondok, “eta gero kontzertuak eskaintzeko espazioa ere behar dute”.