31 Mar, 2022
Bidasoa ibaian gorpu bat aurkitu zuen Guardia Zibilak atzo 16:30ak aldera. Zantzu guztien arabera, martxoaren 12an ibaia beste bi lagunekin batera igerian trebeskatzen saiatzerakoan desagerturiko Ibrahim Diallo (Bamba senideentzat), 24 urteko senegaldarrarena litzateke, baina hau baieztatzeko hilotza identifikatzeko lanetan dabiltza. Antxeta Irratiak jakin ahal izan duenez, Ertzaintzak Ibrahim Kanarietan sartu zeneko hatz-markak eskatu ditu bera dela baieztatzeko.
Martxoaren 17an bertan behera utzi zuten ofizialki erreskate eta ondoko bilaketa dispositiboa, gizonezkoa desagertu eta bost egunera. Baina egunotan guztiotan, Guardia Zibilaren itsas-salbamenduko zodiak bat aritu da ibaia miatzen goiz eta arratsalde etengabe ibaian gora-behera.
Irungo Harrera Sareak argi du Ibrahim Diallo dela. Ion Aranguren bolondresak larritzat jo du migrazio politiken eta kontrol arrazisten ondorioz Bidasoa inguruetan emandako zazpigarren heriotza. «Bide seguruak bermatu ezean, migranteen heriotza normalizatzeko arriskua dugu». Hala, bide seguruak aldarrikatzeko elgarretaratzea deitu dute apirilaren 2an, larunbatarekin, Irungo San Juan plazan.