19 Sept, 2023
Gipuzkoako jaioberrien %25a atzerriko jatorria du, eta bertakoak izan arren “etorkintzat jotzen” ditu gizarteak. Gazte belaunaldi oso batek pairatzen dituen zailtasunak azalerazten ditu SOS Arrazakeriak plazaratu berri duen dokumentalak.
Zinemaldia irailaren 22an hasiko den honetan, bigarren urtez, Zinemaldiak SOS Arrazakeriarekin lankidetzan ariko da, erakunde honek garatzen dituen programei ikusgarritasuna eman nahian. Lankidetza horrek IZAN HARRERA jarri nahi izan du aurten ardatz, errefuxiatuekiko, asilo-eskatzaileekiko eta migratzaileekiko eta gizarte bazterkeria arriskuan diren pertsonekin pentsatuz.
Hain justu, SOS Arrazakeriak “HEMEN ETA HAN” izenburuko film labur dokumentala plazaratu berri du, hari beretik. Lan honek, Europar Batasunetik kanpoko familia etorkineko bost seme alaben errealitatea jasotzen du.
Gerar Carrere, SOS Arrazakeria elkarteko kidea eta dokumental honen egilearekin hitz egin genuen atzoko Iparrorratzan. Eta azken 20 urteotan Hego Euskal Herriak jasotako migrazio fenomenoaren ondotik, atzerriko jatorria duten herritarren bilakaera, demografia bera eraldatu egin duela dio. Gipuzkoako jaioberrien %25a etorkinen seme-alabak dira gaur egun. Eta eskoletan ere eragina badu dagoeneko. Gipuzkoako eskolartekoen %10a guraso etorkinak baititu. Errealitate hori integraziorako politika egokiekin kudeatu behar dela ohartarazten du Gerar Carrerek. Sos Arrazakeriako kideak dioenez, “politika egokiak aplikatzen ez badira, etorkizunean arazoak suerta daitezke”.
Kontuan hartu behar da, duela 20 bat urte gehienbat Latinoameriketatik Euskal Herrira lanera iritsitakoek, zailtasunak izan zituztela sare sozial edo ingurune egonkorrak sortzeko. Baina haien seme-alabak normaltasun osoz integratuak egon arren, “bigarren belaunaldiko etorkin gisa ikusiak izanik, gizarteak etorkintzat jotzen ditu” oraindik ere. ‘HEMEN ETA HAN’ dokumentalarekin errealitate hori azalerazi nahi izan du SOS Arrazakeriakek.