Podcast

Hondarribiko Olinpiadak berreskuratuko dituzte 2023an herri-giroaren pizgarri

Urko Iridoy, Hondarribiko Gazte Asanbladako kidea


Hondarribiko Olinpiadak berreskuratuko dituzte 2023an herri-giroaren pizgarri

Otsailetik apirilera hiru larunbata finkatu dituzte probetarako, eta ekainaren 3an jaialdiarekin borobilduko dute. Eta 2024tik aurrera herri-olinpiada handiagoak prestatzeko asmoz ari direnez, koadrila oro aktibatzera animatzen du Hondarribiko Gazte Asanbladak. 

"Hondarbia Hondarbia, txol herri eder garbia, Bartzelonako olinpiadak, ez ttuk haueken erdia. Euskaldun eta bikingo, arraultzearen gorringo, Hondarribia miñon hoberik ez du munduak egingo..." 80-90. hamarkadetako kantu olinpikoaren doinu zaharrak ez dira beharbada berriz entzungo, baina koadrilen arteko harremanak eta giroa berreskuratzeko helburua du Hondarribiko Gazte Asanbladak. 2014-2015ean Psylociben Hondarribiko Elektropatxarangak grabatutako garai berriko kantua ere hor da, Koldo emeryk idatziriko letrarekin. Eta batek daki hirugarren kantu baten oihartzunek herriko kaleak hartuko ote dituen.

Izan ere, garai bateko Flaxiya, Ashkorax, Nikenikeningo edota garai berriko Mixikuak, Pexperlantak edota Hirekin enak ariki bezalako talde/koadrilen lekukoa hartuko dutenik ez da faltako Hondarribian, herriko gazteriak bizirik jarraitzen duen bitartean.

Hirugarren ekinaldia

2014tik 2017ra garai berriko olinpiadak antolatzea lortu izan zen bezala, ez dago bigarrenik, hirugarrenik gabe. Eta garai haietako herri-giroa berpiztu nahian, joan den ostiralean 'Hondarribiko Olinpiadak' dokumentala proiektatu zuen gazte asanbladak Kultur Etxean. 60tik gora lagun bildu ziren bertan, eta unea aprobetxatu zuten iragartzeko 2023an Herri Olinpiadak antolatzera doaztela. Urko Iridoyk, gazte asanbladako kideak ohartarazi duenez, "jendeak erantzuten badu, asmoa da hurrengo urteari begira olinpiada handiagoak antolatzea, baina momentuz kontaktua hartzeko urtea izango da".

Dinamika abiarazteko hiru hitzordu finkatu dituzte: otsailak 24-26ko asteburuan, martxoaren 17-19ekoan eta apirilaren 15-17koan. Hiru proba egun horietaz gain, ekainak 3an jaialdia antolatzeko asmoa dute ekimena herri bazkari batekin borobiltzeko. Momentuz, ez dute parodia gaualdirik aurreikusten. Bestalde, azaroaren 18an bilera deituko dute "inoiz olinpiadarik bizitu ez duten gazteei begira", antolaketa eta funtzionamenduari buruz informatzeko.

Gazte asanbladako kideen ustetan, "neguko asteburu hil horietan belaunaldien arteko harremanak estutu eta herri-giroa sustatzeko" garrantzi handiko ekimena izandu da bere garaian. Eta helburuetan ez da deus aldatu. Horregatik ere, Hondarribiko Udalaren babesa ezinbestekotzat jotzen dute, olinpiadak berreskuratzea "denen onerako" delakoan.

Horiek hala, dagoeneko nahi duen koadrila orok izena eman dezake. Sare sozialetan Hondarribiko Olinpiadak bilatu besterik ez da egin behar informatu eta bat egiteko. Bertan dokumentala ikusteko lotura ere ematen dute: https://www.facebook.com/100007765901017/posts/pfbid02ja47bkmzxkZhEAasPngZM6jq452mgYMdTLqET297yZGNYHtED7Ef92C8i4vsHx3cl/

Últimas noticias

Alardearen erronkak Irungo V. Berdintasun Planean ezinbestean txertatu behar direla esan du Emakundek

Hendaia-Baiona arteko korridore seguruak aldarrikatuko dituzte larunbatean Pausun

'Hondamendia' dator Hondarribira kontsumo gizarteari buruz hausnartzeko

Erretreten erreformak geldiarazteko borrokan indarrak biltzen hasi dira mugaz gaindi

Iaz jaiotako 95 hondarribitarren ametzak martxoaren 18an landatuko dituzte

Komunitatea eraikitzeko tresna gisa baliatzen ari da euskara Dunboa eskola publikoa



Este sitio web utiliza cookies para optimizar tu navegación y realizar labores analíticas. Para desactivarlas puedes configurar adecuadamente tu navegador. Si continúas navegando consideramos que aceptas su uso. Puedes obtener más información en nuestra Política de Cookies. Política de Cookies