Podcast

Irungo Nayade abesbatza Sarako leizeetan ariko da Kalakan taldearen jaialdian

Edurne Izagirre, NAYADE abesbatzako kidea


Irungo Nayade abesbatza Sarako leizeetan ariko da Kalakan taldearen jaialdian

Kontzertuak irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean egingo dira, eta hainbat artista gonbidatu izango ditu Kalakan-ek bertan. Haien artean, 25 urte betetzear dituen Irungo emakumezkoen Nayade abesbatza. 

Sarako leizeetara itzultzen da Kalakan taldea, irailaren 30etik urriaren 2ra antolatu duen hiru eguneko jaialdiarekin. Seigarren urtea da leku berezi eta magiko honetan kontzertuak proposatzen dituela. Beti munduko leku desberdinetako artista edo talde gonbidatuak bidelagun dituela. Oraingo honetan, TRASGA folk taldea (irailak 30), haiekin lan egin izan duen Alexander ARKHINCHEEV artista mongoliarra (urriak 1) eta Irungo NAYADE emakumeen abesbatza (urriak 2). Kontzertu guztiak 21:00etan izango dira, iluntzearekin batera leku berezi eta magiko batean. Horrela, folk musika, korala eta kantu difonikoari omenaldia egingo diote.

Nayaderekin laugarren aldia

Goi mailako emanaldia izanagatik ere, ez da lehendabiziko aldia Nayade abesbatza Kalakan taldearekin batera taulagainera igotzen dela. Izan ere, 2018an Irungo Junkal elizan elkar topo egin zuten aurreneko aldiz. Ordurarte, Kalakan hirukoteak abesbatzekin harremana ukan bazuen ere, lehen aldia zuten ahots zurien koru batekin uztartzen zirela. Eta nahasketa aberasgarria izan dela bistan da. Izan ere, Irungo Udalak antolatutako emanaldi hartatik hona, Beran eta Errenteriako Musikaren Astean ere elkarlanean aritu direla aipatu digu Edurne Izagirrek, Nayadeko abeslariak. "Beraien kantuak egokituta abesten ditu abesbatzak, eta Kalakan-ek ere bereak egiten ditu gureak, berezia da, normaltasunetik ateratzen delako", dio abesbatzako kideak.

Oraingoa laugarren emanaldia dute beraz, baina eszenatokia Sarako leizeak izateak badu bere zirrara. "Ez dakigu akustika nolakoa izango den", dio Izagirrek astearte honetan soinu frogak egiteko geratuak direla azalduz. Lekuari dagokionez "izugarrizko aukera da, egia da euskaldun guztiontzat toki berezia dela, eta gutxik dutela horrelako toki batean abesteko aukera".

Urte berezia du Nayade abesbatzak gainera. Heldu den abenduan 25 urte beteko ditu taldeak, 1997ko gabonetan Irungo karriketan abestera atera zen aurreneko alditik. Eta mende laurdeneko ibileran, abesbatzak garapen handia izan du. Urtemuga ospatzeko, urte bukaeran plazaratuko duten diska bat ere grabatu dute, eta ekitaldiz bete dute euren agenda. Edurnek dioenez, "urte luzeetan zehar haurdunaldiak eta beste zirela, abesbatzaren martxak bere gorabeherak izan ditu, baina dagoeneko adin bat dugu emakume partaide gehienok, eta burubelarri ari gara ilusioz beterik". Izan ere, talde proiektua denik ezin da ukatu. "Horrelako abesbatza batean, zaila izan ohi da, baina gehiengoa hasieratik ari gara", dio harro.

Kontuan hartu beharbaita, abesbatzen kultura handia dagoela Bidasoaldean, baina Irungo Nayade eta Hendaiako Otsailan abesbatzak baizik ez direla, osoki emakumeek osaturikoa.

Kontzerturako sarrerak eskuratzeko www.kalakan.eus.

Últimas noticias

Irundarrak «itotzen ez dituzten zerga justuak» defendatuko ditu Elkarrekin Podemosek

Jauzarrea elkarteak Kanadako Louisbourg herri historikoarekin elkarlana

Pierre Loti da Zuloaga Etxeko gonbidatu berezia, literaturaz blai egindako udazkeneko programazioan

Irundik abiatuko da 2024ko Euskal Herriko Itzulia

Abortatzeko eskubidea babesteko deia egin du Bagerak, nahigabeko «haurdunaldia behartzea indarkeria» delako

Zirriborro idazketa eskola eginen dute urrian Donezteben



Este sitio web utiliza cookies para optimizar tu navegación y realizar labores analíticas. Para desactivarlas puedes configurar adecuadamente tu navegador. Si continúas navegando consideramos que aceptas su uso. Puedes obtener más información en nuestra Política de Cookies. Política de Cookies