21 Jun, 2022
1980ko hamarkada hasieran Iparraldean errefuxiatu zela desagertu zen Jose Miguel Etxeberria “Naparra”ren kasuaz mintzo den dokumentala Ipar Euskal Herriko zinemetan ikusgai da egunotan. 'Bolante baten historia' dokumentalak familia baten bilaketa eta egia ezagutzeko borroka kondatzen du. Izan ere, Iñaki Alforja zuzendariak azaldu digunez, ez da erreportaia bat. "Guk kontatu nahi izan duguna da, nola Naparraren senideak 41 urte ibili diren haren bila", dio zuzendariak.
2017an indusketa bat egin zuten Landetan, eta hortik abiatuta dokumentalaren istorioa kontatzeko beharra sentitu zuela azaldu digu Alforjak. "Gorpua aurkitzen bazuten istorioa borobiltzen zelako, baina aurkitzen ez zelarik ere, familiak bizi izan duen injustizia eta bakardadearen istorio humanoa kontatu behar zen", aitortzen du.
Donostiako Zinemaldian aurkeztuta, nazioarte mailan ere oihartzun izan du dokumentalak. Eta orain Iparraldeko 15 aretotan itzulian aurkezten ari diren honetan, ekainaren 22an Hendaiako Varietes zinema gelan (20:30an) eta ekainaren 26an (18:00etan) Urruñako Itsas Mendi gelan proiektatuko dute. Gainera, zuzendariaz gain Eneko Etxeberria (Naparraren anaia) ere hor izango da ondoko solasaldi batendako.