22 Jun, 2022
Hondarribiko Udalak aurkeztu berri duen HondarribianJAZZ festibalak bazterrak harrotu ditu oposizioko udal taldeen artean. Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduk adierazpen bateratua plazaratu dute udal gobernuaren jokamoldea salatzeko. Izan ere, joan den astelehenean Txomin Sagarzazu eta Maria Serranok uztailaren 4tik 10era ospatuko den festibalaren aurreneko edizioa aurkeztu zuten bitartean, "herritarren ordezkarien erdia informatzeaz ahaztu" egin direla leporatu diete. Ez Bozeramaileen Batzordean, ezta Udalbatzan ere ekimen honen berririk ez dute gainerako udal taldeek jaso. Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramaleak azaldu duenez, "komunikabideen berrien bitartez" jakin izan dute.
Halere, ekimena txarra denik ezin dutela esan aitortu du. "Halako kultur ekitaldiak antolatzea askotan eskatu izan dugu, eta jaialdia interesgarria izan daiteke", dio Enparanek, "baina zergatik jazz estiloa, eta ez beste ekimen mota bat?" galdetzen du. Proiektuaz informaziorik jaso ez dutenez, inolako eztabaidarik ez da eman ahal izan. Eta beraz, ekimenarekin baino, udal gobernuak hau eramandako formekin "harridura eta haserrea" adierazi dute oposiziotik.
Hondarribia Blues Festibalaren aurrekaria
Gogoan hartu behar baita, 2017an nazioarte mailan oihartzuna lortu zuen Hondarribia Blues Festibala eten egin zela 13 edizio eta gero. Eta 2020ko udal aurrekontuetan 300.000 euroko aurrekontua onartuta, udalak hau berreskuratzeko asmoa adierazi izan badu ere, "hura ordezkatzera dator jazzaldia" Abotsanitzen arabera. "Gogoratu beharra dago, blues festibala hondarribitar batek sortu eta antolatzen zuela, eta bere herrian egin ahal izan ez duena Bilbon antolatzera pasa den bitartean, udala Gasteizetik zuzenduko den jazzaldi bat antolatzera pasa dela", ohartarazi du Enparanek.
Zentzu honetan, aurrekariak ikusita HondarribianJAZZ festibalaren kudeaketa eta udalaren eta jaialdiko zuzendaritzaren arteko harremana nola antolatu den ere, kezka sortzen die oposizioko udal taldeei.