Podcast

«Oraindik agerian ez dauden errealitateak ditugu eskualdean eta horiek normalizatu nahi ditugu, familiak lagundu eta orientatu»

Andoni Andueza Intxaurrondo, Berako Herrirako zerrendako bigarrena


«Oraindik agerian ez dauden errealitateak ditugu eskualdean eta horiek normalizatu nahi ditugu, familiak lagundu eta orientatu»

Andoni Andueza Intxaurrondo Berako Herrirako alderdiko bigarrena da heldu diren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. Berak aipatu duenez, “kolore politikorik ez duen” alderdia da Herrirako, gaur egun lau zinegotzi dituen udal taldea. Herritar guztiak ordezkatzea du helburu eta bizilagunen arteko harremana indartzea.

32 urteko beratarra da Andoni Andueza Intxaurrondo. Lehen aldia da udal hauteskundeetako zerrendetan aurkezten dena eta horregatik beragatik, ilusioz hartu du erabaki hori. Bera biziberritzea da Berako Herrirako alderdiaren helburu nagusia eta horretarako, ordezkaritza zabala dute euren zerrendan. Etorkinetatik hasi eta LGTBI+ erralitateak ikusarazteraino eginen dute lan heldu diren lau urteetan.

Andoni Anduezak kezkaz ikusten ditu osasun kontuak Bortzirietan. Horretarako, udaletxe moduan, “Nafarroako Gobernuari herritarren eskubideak bermatzea” eskatuko diote, baita “arreta duin bat ematea” ere. Horrez gain, Berako kontsultategia zaharkitua dagoela salatu du beratarrak: “Hagitz toki txarrean dago, aparkatzeko lekurik gabe eta kalea ere ez dago egoera hoberenean. Gure neutraltasunetik administrazioarekin lanean jardungo dugu kontsultategi berri bat egiteko, erosoa eta kalitatezkoa dena”.

Zerbitzuez arituta, Herrirako taldeak “kezkaz" ikusten du baita ere “udalak orain arte hartu dituen mugikortasun erabakiak”. Euren ustez, hauek “estropezu” egiten diete merkatariei eguneroko lanean. Horren harira, Andueza eta bere taldearen lana “merkatariei behar duten babesa ematea” izanen da, baita “modernizatzeko bidean laguntzea” ere.

Etxebizitzaren inguruan, gazteek “zailtasunak bizitzen” dituztela badaki Anduezak, berak ere horiek sufritu dituelako. Euren asmoen artean, “Nasuvinsarekin lanean segitzea” da, “herritarren behar guztiei erantzuna emateko, etxebizitzak eraiki edo zaharrak berritzeko”. Azken honi ematen dio garrantzi berezia beratarrak. Izan ere, “Beran etxe pila hutsik” daudela salatu du. “Zaharkituak dauden horiek berritzea da garrantzitsuena, gure herriak biziberritzeko”, dio Anduezak.

Gizarte zerbitzuen aurrekontua zabaltzea ere sartzen da heldu diren lau urtetarako Herrirakok egin duen planean: “Gizarte zerbitzuekin konpromezua dugu eta aurrekontua handitu behar dugu hor. Hortik hasten baita kontziliazioa ere”. Berdintasuna, zerbitzu hortan sartua dagoen heinean, gai garrantzitsua dela ere dio Anduezak, baita LGTBI+ gaiak ere: “Oraindik agerian ez dauden errealitateak ditugu eskualdean eta horiek normalizatu nahi ditugu, familiak lagundu eta orientatu. Aunitzetan familiak galduta daude eta hor egin nahi dugu lan”.

Euskararekin ere konprometituak daudela azpimarratu du Andoni Anduezak eta “positiboki” baloratzen dituzte orain arte hartutako erabakiak, hala nola, euskaraz ikasi nahi duen edonork doan edukitzeko aukera. Hala ere, “erdaldunak kontuan hartu nahi ditugu” erran du beratarrak eta horregatik, “elebiz eginen ditugu udaletxeko komunikatu guztiak, trabarik egin gabe gurekin euskaraz harremana egin nahi duenari”.

Turismoari garrantzi berezia ematen dio Anduezak eta “kezkaz” ikusten du azken urteetan egon de jeitsiera arlo honetan: “Ez dugu masifikaziorik nahi, baina turismo planik ez dago eta hortik hasi nahi dugu. Erreferente bihurtu nahi dugu berriz ere Bera eta turismo jasangarrian gainera”. Horrek merkataritza lagunduko duela ere argi du eta herria biziberrituko duela.

Azkenik, ondoko eskualdeetako herriekin harremanak sendotzeko beharra ere ikusten du Anduezak eta “horrelako planak sendotu” behar direla dio, “eskoletatik edota kultur eta kirol arloetatik". “Gure egunerokotasunean harreman handia dugu herrien artean eta plan bat egin behar da hau dena errazteko”, gaineratu du.

Entzun #Hurbiletik_AndoniAnduezaIntxaurrondo elkarrizketa

Últimas noticias

Klima aldaketaren erronkan konponbidearen parte izateko deia luzatu du Txingudi Ekotxeak

Borderline Fabrikak «gure errealitatearen lagina» biltzen duen Ostemponuna denbora kapsula sortu du

Badator Hendaiako Sagarno Egunik parte-hartzaileena

Gazteek espazio, protagonismo eta aukera gehiago izango dituzte aurtengo Irungo jaietan

Bioterra: 20 urte aldaketa klimatikoaren kontra borrokan

Mendibil auzuneak bizi duen ahanztura salatu dute bizilagunek



Este sitio web utiliza cookies para optimizar tu navegación y realizar labores analíticas. Para desactivarlas puedes configurar adecuadamente tu navegador. Si continúas navegando consideramos que aceptas su uso. Puedes obtener más información en nuestra Política de Cookies. Política de Cookies