09 May, 2022
Osasun Bidasoa Plataformak hitza hartu du goiz honetan Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Euren aldarrikapenen berri eman ahal izan dute plataformako bi kidek, baina ez dira bakarrik egon. Plataformak autobusa antolatu baitu Bera eta Irundik Gasteizera, kanpoaldean ere euren aldarrikapenak entzunak izan daitezen.
Ibai Labaien, Osasun Bidasoa plataformakidearekin mintzatu gara bidaiatu aurretik. Eta Gotzone Sagarduy Osasun Sailburuak Bidasoa Ospitalea berritzeko proiektua bertan behera utzi izana "positiboki" baloratu izanagatik ere, proiektu berriari buruz informaziorik ez dutelako kezkatua agertu da. "Une erabakigarrian gaude, eta ospitalearen proiektu berria zein izango den jakin nahi genuke, ez dadila izan aurrekoa bezala, partxe bat", dio Labaienek. Zentzu honetan, plataformak eta osasun langileek hastapenetik aldarrikatu duten bezala, Bidasoa ospitalea berritu eta hobetzeaz gain, handitu beharra dagoela oroitarazi diote Eusko Jaurlaritzari legebiltzarrean. "Epe ertainera Oarsoaldeari ere zerbitzu emango omen diola esan zaie osasun langileei, baina hau baieztatu gabe badago ere, dagoeneko ospitalea txiki eta zahar geratu da, aldamenean lurzorua badago espazio berriak eraikitzeko", dio. Eta beraz, beste eskualde batzuetan herritarren beharrak 30 urtera begira aintzat hartu dituzten moduan, tratu beretsua galdegiten diote Osakidetzari.
Horretarako, "hutsetik hasiko omen duten proiektua" adosteko mahaia eratu dezatela eskatzen dute, kirujia blokeko profesionalen, herritar eta eragileen zein tokiko agintarien partehartzea bermatuko duena.