18 Sept, 2023
2023ko martxoan eratu zutenetik, Batzorde Iraunkorra ez da berriz bildu. Hauteskundeen ondoko udalbatzaren %40a berria denez, 2023-2027 urtealdirako ituna berretsi, eta 3 hilabetero biltzeko egutegia finkatzeko exijitu dute jeltzaleek.
2019an jeltzaleek lehen aldiz proposatu zutenetik ibilbide luzea egin du segurtasun eta bizikidetza neurriak adostu eta hobetzeko batzorde honek. Baina praktikoak izanik, “oraindik ere eratu besterik ez da egin” ohartartazten du Xabier Iridoy EAJren bozeramaleak. Hastapen batean euren proposamenak ez zuen aurrera egin, baina 2021ean “segurtasun arazo larriak” zeudela ikusirik, alkatearen ekimenez eta talde politiko guztien ekarpenekin adostuta, Segurtasun eta Bizikidetza Ituna izenpetu zuten. Gerora 2023ko martxoan Segurtasun Batzorde Iraunkorra eratzeko bilera egin zuten, baina ez dira berriz bildu.
EAJren arabera, itunak berak agintzen du, 2023-2027 agintaldirako hau berretsi egin beharra dagoela. «Hauteskundeen ondotik, udal korporazioaren %40a berria da eta indar korrelazioa ere», dio Iridoyk. Izan ere, udalbatza osatzen duten 25 zinegotzietatik 10 berriak dira orain. Baina aipatutako ituna berresteaz gain, hiruhilero biltzeko egutegi bat finkatzea ezinbestekota jotzen dute jeltzaleek “konpromisoa paper bustia bilaka ez dadin”. Orain artean, behin baizik ez baitira bildu, eta batzorde iraunkorraren eratzeko batzarra izan zen.
Cristina Labordak, Udaltzaingoaren udal ordezkariak bere partetik, iragarri du udal gobernuak aurki bilera deituko duela. Eta jeltzaleei oroitarazi die, era berean, “segurtasuna eztabaida politikotik kanpo” uztea adostu zutela, eta horrela jarrai dezala eskatu du.
Irakurri hemen 2022ko irailan aho batez izenpetutako itunaren lan ildo nagusiak: Bizikidetzaren-segurtasunaren-aldeko-ituna-092022.pdf (irun.org)