09 may, 2022
Irungo Udaleko Euskara arlotik euskara gozatzeko tresna dela erakutsi nahi die haur eta familiei, eta haientzako jarduerak antolatu dituzte hilabete honetarako. Familia Ola programaren eskutik, 2 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta, Plaiaundi Parke Ekologikora bisita antolatu dute maiatzaren 17an eta 19an, ipuin kontalari musikatua Ameli ipuin jostariaren eskutik maiatzaren 24an eta 26ean, Hondarribiko kirol portutik Jaizkibelgo itsaslabarrak ikusteko itsasontziz irteera maiatzaren 22an, eta hilabetea borobiltzeko, maiatzaren 29an, Arditurri parketxeko meategira bisita gidatua ere.
Halere, espreski izen-ematea eskatzen duen programa hontatik haratago, 3-9 urte bitarteko haurrei zuzendutako 'Haurrak Parkean' programa ere proposatuko dute hiriko hainbat parkeetan. Garai bateko Parketarrak programaren eguneraketa honetan, adin tarte bakoitzari egokitutako jolas-dinamikak proposatzen dizkiete hiriko parkeetan hezitzaileen eskutik. Miren Etxebeste, Euskara arloko zinegotziak azaldu digunez, "gune arautuetatik kanpo, berez, parkeetara hurbiltzen diren haurrei euskaraz gozatzeko aukera emateko helburua du, amua jartzen zaie inon izenik eman gabe dinamikara batu daitezen". Azken batean, parkeko jolas denbora euskaraz egin dezaten.
Maiatzan, eguraldi hobekuntzarekin batera, ekimen hau indartu egingo dute, eta bost parketara helduko dira. Asteazkenetan Olaketako Partxiseko etxeen parke estalian eta San Juan plazan. Eta ostiralero Nagore Laffage parkea (Palmera Montero), San Migel auzuneko Alberto Anguera plazan, eta Landetxa-Katea auzoko Lapurdi kaleko jolasgunean.