27 sep, 2022
2021eko otsailaren 20an baso-sute bat piztu zen Beran. Laster ondoko herrietara hedatu zen. Eta suak ehunka baso-hektarea erre zituen Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin. Aiako Harrian 300 bat, eta egun bakar batean 700 bat hektarea erre zituen ere Bidasoaz bestalde, Biriatu, Azkaine eta Urruñan ere, Larrun mendia hunkituz.
Gertakari honek, administrazioen arteko koordinazio gabeziak agerian utzi zituen. Bidasoaren bi ertzeetan lanean aritu ziren suhiltzaileek, adibidez, ezin izan baitzuten elkar esku kolpe bat eman. Eta herriko etxeen arteko koordinaziorako mekanismorik ez zen martxan. Haatik, orduz geroztik, 'Suteen protokolo' bat martxan jarri dute, eta Bidasoaren bi aldeetako herrien arteko lankidetza estutu egin da.
Aitor Elexpuru, Berako auzapezak azaldu digunez, bereziki Hego Lapurdiko Hiri Elkargoaren baitan sortu zen Mendi Batzordean elkartu ohi dira Bidasoa ibaiak bustitzen dituen udalerrietako ordezkariak. Eta harreman berri horretatik zenbait proiektu abiarazi ahal izan dituzte. Baita elkarrekin bultzatu ere. Bera eta Urruña artean, adibidez, 'Bideak' proiektua adostu dute. Bi herrien arteko hiru bide zahar berreskuratu eta bertan dagoen ondarea ezagutzera ematea dute helburu.
Halere, Bidasoko urek orain arte banatu dituen Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko herrien arteko hartu-emanak areagotzeko beharra nabarmendu du Berako alkateak.