26 ene, 2022
Abotsanitz Udal Taldeak informazio eskaera bana erregistratu ditu Hondarribiko Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian, azken erakunde honek azaro bukaeran eta abenduko lehen egunetan Jaizkibel mendian egindako ohiko landare-mozketa lanei buruz. Makinaria handiarekin sartu ziren eta “sekulako suntsipena eragin zuten babestutako txilardietan eta ondare arkeologikoan”. Igor Enparanek, Abotsanitzeko bozeramaleak oroitarazi du ez dela aurreneko aldia halako desmasiak eragiten dituztela. “2015ean dagoeneko salatu genuen antzeko lanetan estazio megalitikoak kaltetu egin zituztela”, argitzen du. Horiek horrela, oraingo honetan landaredian eta ondare arkeologikoan eragindako kalteak baloratu ahal izateko, Hondarribiko Udalari Ingurumen sailaren eta arkeologia teknikariaren txostena eskatu dizkiote, eta aldundiari, egindako lanen espedienteari lotutako informazio guztia.
“Ez dezagun ahaztu Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Gune gisa izendatuta dagoela Natura 2000 Sarearen barruan”, oroitarazi du Enparanek. Era berean, Europako Habitaten Zuzentarauak eta Eusko Jaurlaritzak bertako zenbait habitat babesteko neurriak ezarri ditu, errespetatu beharrekoak. Oroitarazi du ere, ondare arkeologikoa aberatsa duela Jaizkibelek: “Ezin da ahaztu azken aldian hainbat ikerketa arkeologiko egin direla, eta suntsiketaren eremuan duela 400 urteko errotarrien eta harrobiaren ustiakuntzaren aurkikuntzak egin direla joan den urtean”.