14 sep, 2023
Juan Mari Arrozpide, Arkolla auzo elkarteko kideak historikoki auzoan pairatzen dituzten azpiegitura eskaxen eta agintarien utzikeriaz mintzatu zaigu. Irailaren 18an (19:00) Santiagotxon bilera egingo dute, HAPOari alegazioak lantzeko asmoz, etxegintza eta errepide proiektu berriekin kezkaturik.
Erakunde publikoekin harremanetan sartzeko eta aldarrikapenak bideratzeko, 2021ean auzo elkartea eratzeko erabakia hartu zuten Arkolla eta hau inguratzen duen Zimi-Zargako hainbat bizilagunek. 2022ko apirilan bi mozio aurkeztu zituzten udalbatzan, garai hartako oposizioa osatzen zuten Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEren babesarekin. Eta EAJ gobernuan zela, aho batez onartu zuten talde politiko guztiek konponbideak bilatzeko mahai baten osatzea. Urte eta erdi beranduago, orain artean ez dira formalki bildu, eta udal gobernu aldaketarekin gauzak aldatuko diren esperantza gordetzen dute. Baina HAPOaren hasierako onarpen dokumentuari alegazioak aurkezteko epea irailaren 29a arte luzatu dutenez, hau probestu nahi dute auzotarrek “tresna eraginkorra” izan daitekeela sinetsita.
Irailaren 18an, arratsaldeko 19:00etan bilera deitu dute Santiagotxo elkartean.
Juan Mari Arropzidek aipatu digunez, Arkolla auzoko 350 bat bizilagunei ez ezik, Zimi-Zarga auzokoak ere hunkitzen dituelako.
Juan Mari Arrozpidek azaldu digunez, 1997ko arau subsidiarioetan dagoeneko aintzat hartzen ziren aspaldiko hainbat behar. Arkollako gune urbanoenean (Llobregateko maldaren bidegurutzetik Santiagotxorako bidea hasten den errepidean) espaloi, kaleko-argi eta ur-sanemandu azpiegituren beharrak. Auzokoen aldarrikapen banderolak hilabeteak daramatzate etxeetan zintzilik.
Baina badituzte kezka gehiago. Etorkizunean auzoa eraldatu ditzaketen proiektuak. Aipatutako HAPOak 4 etxebizitza promozio berri aurreikusten ditu bertan (hasiera batean 10 eraikin baziren ere) eta horrek azpiegituren beharrak handituko ditu batetik. Bestetik, errepide berri bat. Izan ere, Tudelenea-Bottika auzo berriaren proiektuari lotuta, Arkolla auzoko Bidegurutze etxetik edo Bekuoina baserritik hasi eta Txiplauko sahiesbidearen erdiko biribilgunearen artean errepide berri baten proiektua mahaigainean dago. Honek hiruzpalau baserritako landa lurrak hunkituko lituzke, Balantonenea, Txomorroenea edo Txorienea etxaldeenak besteren artean. “Horren eragina oso handia izango litzateke, eta ez dugu ikusten beharrezkoa denik, beraz, HAPOari gure alegazioak alde hortatik ere aurkeztuko ditugu”, iragarri du Arrozpidek.
Esan bezala, irailaren 18an 19:00etan bilera deialdi irekia egin dute Santiagotxon, Arkolla eta Zimi-Zargako auzotarrekin.