14 mar, 2023
Asteburu kulturala ospatuko dute Sunbillan bertze urte batez. Sunbillako Udalak, Ulibeltzak elkarteak, Guraso elkarteak eta Antrotoki gazte taldeak antolatua, martxoaren 24tik 26ra ospatuko dute eta dagoeneko egitaraua ere prest dute.
Martxoaren 24ean, 16:30ean hasiko dira ekitaldiak. Orduan, haur jokoak izanen dituzte plazan. 19:00etan berriz, Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak aurkeztuko dute Ulibeltzak elkartean. Ordu erdi beranduago, bokadilloak banatuko dituzte plazan eta 21:00etan, afari autogestionatua eginen dute Ulibeltzak elkartean.
Martxoaren 25ean berriz, puzgarriak izanen dira herriko haurrentzat, 11:00etan hasita eta 13:00ak arte. Arratsaldez ere egonen dira, 16:00etatik 18:00etara. 11:00etan ere mus txapelketari hasiera emanen zaio Ulibeltzak elkartean. 19:00etan berriz, herri kirol desafioa eginen da frontoian. 21:00etan afaria eginen dute Bustiz ostatuan eta, eguna borobiltzeko, 00:00etatik 04:30era DJ Infernuk jarriko du musika Ulibeltzak elkarteak.
Azkenik, martxoaren 26an, igandean, mendi buelta eginen dute Zumalekura 9:00etan abiatuta. Eguerdian, kalejira poteoa eginen dute, erraldoi eta gaiteroen laguntzarekin, 12:00etan.
Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldiak frontoian eginen direla aipatu du Guraso elkarteak. Honez gain, lehen egunean bokadilloak nahi dituztenek aldez aitzinetik eskatu beharko dituztela ere jakinarazi dute, apymasunbilla@gmail.com helbidera idatziz. Mezuan, bokadillo kopurua eta izena idatzi beharko dira eta bi aukeren artean erabaki beharko da: urdaiazpiko tortilla edo urdaiazpikoa tomatearekin. 4,5 euroko prezioa izanen dute ogitartekoak eta biltzerakoan ordaindu beharko dira. Behar dutena zehazteko azken eguna martxoaren 21a izanen dela ere erran dute.