Aimar Lopez Erasun
2014ko irailaren 18an 16 urtetik gorako eskoziar guztiak hautesontzietara deituak ziren, haien herrialdearen etorkizun politikoaz erabakitzeko. %5eko aldearekin, independentziari ezezkoak irabazi zuen ordukoan, baina Eskoziaren independentziaren aldeko borroka askoz lehenagotik heldu da, eta gaur egun ere oraindik gaurkotasunekoa da. Emankizunaren bigarren zatian, Maggie Lennonekin mintzatu gara, Women For Independence taldeko kidea.
1976ko martxoaren 3an, duela 47 urte, greba eguna zen Gasteizen. Lau hilabete ez ziren beteak Franco diktadorea hil zenetik, eta oraindik militarrak ziren aginduan espainiar estatuan. Grebak legez kanpokoak ziren, eta martxoaren 3 hartan, hiriko edozein txokotan biltzen ziren langileak erasotu eta atxilotzen zituen poliziak. Atsaldeko bostetan, Gasteizko Zaramaga auzoko eliza batean bilduak ziren ehunka langileren aurkako karga hasi zuen poliziak, apaizaren baimenik gabe. Bost hildako eta 150 zauritu utzi zituen espainiako polizia armatuak Zaramaga auzoko eliza hartan. Inpunitatea da nagusi oraindik.
Hogei urte dira aurten Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra itxi zuenetik. Urteurrena oroitzeko, azken bi hamarkadetan Euskal Irratietan egin ditugun elkarrizketa ezberdinak bildu ditugu. Eneko Bidegain kazetari eta garaiko Egunkariaren Baionako delegazioko arduraduna, Martxelo Otamendi Egunkaria eta Berriako zuzendaria, Luzien Etxezaharreta Egunkariaren sortzaileetakoa eta Imanol Murua Berriako kazetaria entzunen ditugu.
Gaurkoan, Concordearen gainbeheraren 20. Urteurrena. 2003ko urriaren 24an British Airways konpainiaren G-BOAG matrikuladun Concorde hegazkina New Yorkeko John Fitzgerald Kennedy aireportutik abiatu zen azken aldiz. Londreseko Heathrow aireportura bidean, Kantauri itsaso gainetik itzuli handi bat egin zuen, baita Londresko hiriaren gainetik ere. Azken aldiz lurra hartu zuen Londresen, Mike Bannister kapitainak pilotaturik; British Airwaysentzat Concorde bat pilotatu zuen lehen pilotuak, hain zuzen.
Gaurkoan, 37 urteko jauzia eginen dugu historian zehar, eta Sobiet Batasunaren parte zen Ukrainan lur hartuko dugu. Aimar Lopez naiz, eta Txernobylgo zentral nuklearreko hondamendia oroituko dugu gaur. Emankizunaren bigarren partean, Irina, Veronika eta Fatimarekin solastuko dugu, Euskal Herrian bizi diren Txernobylgo bi haur eta haien harrera amarekin.
Otsailaren lehena da gaur, 21 urte betetzen dira 2002an, gaurko egunez, espainiar gobernuak behin betikotz zerbitzu militarra eta haren ordez sortu zuen Ordezko Zerbitzu Sozialaren intsumisioa despenalizatu zitunetik. Bertze hitz batzuetan, duela hogeita bat urte utzi zion soldaduskara joateak derrigorrezkoa izateari, eta intsumisioak legez kanpokoa izateari. Urteurren hau profitatuz, Euskal Herrian intsumisio mugimenduak izan zuen ibilbidea oroituko dugu, eta Bilboko KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko ordezkari batekin mintzatuko gara emankizunaren bigarren zatian, intsumisioa despenalizatu izanak ekarri zuena eta gaur egun antimilitarismoa zertan den aipatzeko.