Podcast

Balazta: "Egungo gynkanari azpiegitura egokiek leku emango diotenean, jendeak bizikleta erabiliko du"

Manu Izagirre, Balazta elkarteko kidea


Balazta: "Egungo gynkanari azpiegitura egokiek leku emango diotenean, jendeak bizikleta erabiliko du"

Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak urtea betetzen du Larreaundiko egoitza berrian. Eta txirrindak prezio herrikoietan eskuratzeko eta konpontzeko tailerra auspotzen duten bitartean, bizikleta herritarren egunerokoan eta politikarien agendan sar dadin lanean ari dira burubelarri. 

Klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta trantsizio energetikoaren prozesuan, bizikleta izango da giltzarri, edo ez da trantsiziorik izango. Mugikortasunaren alorrean zer dugun jokoan ideiak argi eta garbi ditu Balazta elkarteak. Urteak daramatzate eskualdean hiri-bizikletaren dinamika azkartu nahian, eta auto partikularrari alternatiba eskaintzen. Aldiz, proiektuak urrats handia eman zuen iaz. Hilabete honetan urtea beteko baitute Irungo Udalak utziriko Larreaundiko parbulario zaharrean duten egoitzan. Eta dagoeneko ehun bat bazkide bildu badira ere, aurretik dituzten erronkak betetzeko gizarte osoaren eraldaketa beharko da. Baita agintariena ere.

Izan ere, irailan ospatu berri den Mugikortasunaren Asteak agerian utzi du, asmo onekin ez dela aski izango. Balaztak aktiboki parte hartu du ekintza gehienetan. Baina elkarteko kidea Manu Izagirrek dioenez, "Mugikortasun Asteko ekimenek, gero urte guztian zehar ez dute jarraipenik, ezta eraginik ere, instituzio publikoen aldetik propaganda puntu bat ere badute".

Eskualdeko gynkana

Zentzu honetan, azken urteotan bidegorrien sarea hobetu bada ere, Bidasoa bailaran oraindik ere "bizikletan ibiltzea gynkana" bat delako kexu da. Izagirrek dioenez, "Hondarribitik Hendaiara txirrindan joatea ideia ona izan daiteke, baina ikusita non barrena ibili behar duzun, kotxe tarteetan eta loturarik gabeko bidegorri zatietan, gogoak kentzen dira". Eta horrela, belaunaldi gazteek nekez hartu dezakete bizikletaz mugitzeko ohitura.

Baina 'Bidegorria Orain!' aldarrikapena ez da bakarra. Bizikletaren erabilera sustatzeko baldintzak eman behar baitira. "Trabakin denean beti errazagoa den zerbaitetara jotzen dugu", dio "bizikleta egunero hirugarren pisu batetik igo eta jetsi behar baldin baduzu, kalean erdoiltzen lotu behar baduzu, bidegorri egokirik gabe, oso zaila da", azaltzen du.

Halere, elkartea tematu egin da bizikleta hiri-mugikortasunerako alternbatiba bilakatzearren, azpiegitura egokiak lortzeko. Eta hauek lortuko direnean, jendea bizikletaz beldurrik gabe gehiago eta gehiagotan mugituko delakoan daude. Baina horretarako, agintariei politika eraginkorrak galdegiten dizkiete: "Bizikleta erabili behar duenaren ikuspegitik egin behar dira gauzak, mugikortasuna despatxo batetik antolatzearen emaitza ez delako eraginkorra".

Arnasten dugun airea aztergai

Baina Balazta elkartearen ekimenak aldarrikapenetatik haratago doaz. Hondarribiko Mugikortasun Mahaian zein Irungo PMUSaren batzordean ere, parte hartzen baitute modu aktiboan. Eta hainbat proposamen egiten dituzte urtero, Irungo udal aurrekontu partehartzaileetan ere. Aurten, adibidez, bizikletak aparkatzeko gune aterpetu eta seguruak eskatu dituzte.

Bestalde, ikerlanak ere egiten dituzte. Irun-Hondarribia arteko Mendeluko bidegorria beharrezkoa dela aditzera emateko, adibidez, egun bakar batean errepide horretatik 1.000 txirrindulari baino gehiagok auzoa zeharkatzen dutela baieztatu zuten 2021eko ekainean egindako neurketetan.

Oraingoan, aldiz, espainiar estatuko 148 hirik bezala, Irungo hirigunea ere CO2 isuri guttiko eremu bilakatu beharko du udalak 2025erako. Horren harira, Donostiko Kalapie elkartearen ekimenarekin bat egin dute. Eta haiek utzitako bost kutsadura neurgailu baliatzen ari dira egunotan, bidegorri eta bideetan barrena bizikletaz martxan doaztela airearen kalitatea neurtuz. Hiru hilabetez informazioa jasoko dute. Baina aurreneko datuek baieztatzen dute, oinezko eta txirrindulariek arnasten duten airea ez dela egokia hirian. "Berriz ere errepikatzen da, denok dakiguna, trafikoa pilatzen den guneetan arnasten dugun airea kutsatuta dagoela, eta zenbait gunetan asko handitzen dela kutsadura maila", dio Izagirrek.

Kontua da, gaur egun Eusko Jaurlaritzak ez duela aire-kalitatea aztertzeko neurgailurik Irunen. Eta Balaztako kideak biltzen ari diren datuak, mugikortasun plan desberdinetan ekarpenak egiteko datu baliagarriak izango dira, erakunde publikoek egiten dituzten eta ez dituztenen osagarri.

Bien bitartean, hiri-mugikortasunean norbere ekarpena egin nahi badu, Balaztako kide egin eta bizikletari heldu dakioke. Urtean 20 euroko kuota ordainduz, bizikletak 10 eta 80 euro artean (prezio herrikoiak) eskura daitezke. Baita Larreaundiko tailerrean dituzten piezak eta tresnak baliatu konponketak egiteko ere. Egoitza asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatero 10:00etatik 13:00era zabalik dute.

Azken berriak

Kepa Ordoki elkarteak "Pequeña velocidad" esparrua Memoria Demokratikoaren gune izendatzea eskatu du Ministroen Kontseiluan

Giza eskubideen astea Irunen

Ostomila txontxongilo taldea Boliviako nazioarteko festibalean

Elefante txuriaren Erromatar desfile handia Iruñean

Intxaurra antzezlana eskainiko dute Lesakan larunbatean

Bertso taldekako txapelketa ospatuko da larunbatean Beran eta Lesakan



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika