Podcast

Baztan-Bidasoa eskualdeko gazteen topaketa antolatu du Ernai-k Donamarian

Josu Txoperena, Bortzirietako Ernai-ko kidea


Baztan-Bidasoa eskualdeko gazteen topaketa antolatu du Ernai-k Donamarian

Landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba orain izenburupean, egun osoko egitaraua prestatu dute, tartean gonbidatu bereziekin landa eremuaren inguruan hausnartzeko mahai-ingurua ere.

Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango Ernai-k Baztan-Bidasoako gazteen topaketa antolatu du heldu den martxoaren 18an, larunbatean, Donamarian. Landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba orain izenburua jarri diote topaketari, hain zuzen ere landa eremuko herriek azken urteotan jasaten ari diren arazoei irtenbideak bilatu nahi dizkietelako bertan.

Donamarian eginen du gazteen topaketa Baztan-Bidasoa eskualdeko Ernai-k. Josu Txoperena Bortzirietako Ernai-ko kideak azaldu digunez, “errazagoa izanen litzateke Donezteben, Lesakan edo Elizondon egitea, baliabide gehiago daudelako, baina herri ttiki batean egin beharko litzatekeela uste genuen. Herri handiagoa baten burbuila horretatik ateratzeko eta egiazko landa eremuko errealitate gordina zein den ikusteko”.

Landa eremuan ematen ari den etxebizitzaren problematikaren, enplegu faltaren edota zerbitzuen desagertzearen inguruan hausnarketa egiteko baliatuko dute eguna. Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar. Horietako bat 12:00etan eginen duten mahai-ingurua izanen da. Bertan parte hartzera Joseba Otondo Baztango alkatea, Gotzone Sestorain Leitzako idazle eta nekazaria eta Tasio Erkizia hainbat proiektu ekologistetan aditua den politikaria gonbidatu dituzte. Helburua adituen aldetik landa eremuko herrien errealitatea ezagutzea izanen da eta, hortik hasita, alternatiba bat bilatzea gazteek etorkizun duin bat izan dezaten euren bizilekutan.

Honez gain, pilota partidak, bazkaria, aurtengo Gazte Topaguneko bertsoen aurkezpena, tailerrak, Km0 Tonbola, elektrotxaranga eta kontzertuak ere izanen dituzte. Txoperenak jakinarazi digunez, oraindik ere bazkarirako txartelak salgai daude, Donamarian, Donezteben, Elizondon, Beran edota Lesakan ere. Ernai-ko sare sozialetan ere eskatzeko aukera egonen eta edo zuzenean kideengana jota.

Bukatzeko, Txoperenak gazteak animatu nahi izan ditu Donamariara gerturatzera, eskualdeko herrien errealitatea zein den ezagutzera, baita hausnartzera ere, eta denek elkarrekin etorkizun duin baten alde borrokatzera. 

Azken berriak

Pentsioen defentsaren borrokan jarraitzeko indarturik itzuli dira Bilbotik

Hondartzako kirol-eremua udalaren eskuduntza izan dadin negoziatzen ari da EAJ Madrilen

LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei buruz hausnartzeko hitzordu bana hilero

2023ko Baztandarren Biltzarra uztailaren 16an ospatuko da

Erdiz Bizirik plataformak zenbait solasaldi informatibo antolatu ditu martxoan eta apirilean

Hondarribiarrak mundura sortuko diren bitartean zuhaitzak landatzen jarraitzeko prest



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika