12 sep, 2023
Euskara ardatz hartuta, eskolako partaide guztiek komunitate bera sortzea da proiektu berri honen helburu nagusia, baita denen arteko harremanak sustatzea eta hobetzea ere.
Ikasturte berri bat abiatu den honetan, Berako Ricardo Baroja eskola publikoan ere proiektu bati hasiera emanen diote aurten. UEMArekin elkarlanean arituko dira oraingoan, eta euskara ardatz izanen duen ekimena eramenen dute aitzinera. Hizkuntzatik abiatuta, eskolako partaide guztien arteko harremanak hobetzea izanen da helburua, baita hauek komunitate baten parte sentitzea ere.
Zaldibian jarri zuten martxan lehen aldiz UEMAren proiektu hau, bertako eskolan. Hemen izandako balorazio positiboak kontuan hartuta, bertze hainbat herrietan ere horrekin lanean hasi ziren orduan. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eskualdera ekartzeko interesa azaldu zuen horrela, eta Berako Ricardo Baroja eskola publikoari luzatu zion proposamena. Bertako zuzendaritza taldeak onartu eta pasa den ikasturteko hirugarren hiruhilekoan hasi ziren hau garatzen.
Estitxu Pinatxo Ricardo Barojako ikasketaburuak azaldu duenez, lantalde bat osatu zuten propio honen inguruan aritzeko eta aurtengo ikasturtean praktikara eramanen dute. Zenbait ekintza daude proiektu honen barrenean, eta nabarmenena gurasoekin egiten duten bileretan erabiliko dutena izanen da. Itzulpen sistema bat ezarriko dute orduan, bi modutan erabili ahalko dena: xuxurla sistema bidez edo Telegram aplikazioaren bidez. Horrela, eskoletik egiten diren komunikazio guztiak euskera hutsean eginen dira eta bakoitzak erabakiko du zein hizkuntzetan jaso nahi dituen guzti horiek.
Proiektua aurkezteko hitzordu bat ere antolatu du Berako eskolak. Irailaren 21ean, ortzeguna, 17:00etan elkartuko dira eta bertan, proiektuaren inguruko informazio guztia eskainiko dute. Gurasoek, eta interesa duten guztiek ere, aukera izanen dute bertan galderak eta zalantzak argitzeko.