16 mar, 2023
Herrera, Oiartzun eta Zumaiako taldeekin batera, emanaldia eskainiko dute herriko haurrek, eguerdian, Lesakako plazan. Honez gain, elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean Txorotxarangarekin musikaz gozatzeko aukera izanen dute.
Dantzari Ttiki eguna bueltan da Lesakan aurten ere. Tantirumairu dantza taldeak antolatuta, martxoaren 18an ospatuko da, goiz eta arratsaldez. Aurten, Herrera, Oiartzun eta Zumaiako dantza taldeak gonbidatu dituzte, lesakarrekin batera dantzaz disfrutatzeko.
Garbiñe Sarasolak, Tantirumairu dantza taldeko arduradunak, azaldu digu zein izanen den eguneko egitaraua. Bertze herrietako dantza taldeei harrera egin ondotik, eta hamaiketakoa eskaini eta gero, kalejiran ibiliko dira 11:00etatik aitzinera herriko kaleetan barrena. 12:15ean Onin errekaren zubiaren ondoan elkartuko dira talde guztiak eta bertan, lesakarrek Zubigainekoa dantzatuko dute. Hau bukatuta, talde guztiek elkarrekin 45 bat minutuko emanaldia eskainiko dute Plaza Zaharrean. Bazkalondoan berriz, bestak segida izanen du Txorotxarangarekin.
Sarasolak aipatu digunez, “eguraldiari begira” daude antolatzaileak egun hauetan. Izan ere, kanpoan egiteko aukera eduki nahi dute, ikusgarriagoa egiteko eta herritar guztiek ere errazago parte har dezaten. Euria egiten badu, ekitaldi guztiak frontoian eginen dira eta ez da hain erosoa izanen eurentzat.
Hala ere, kontent daude bertze urte batez ekimena antolatu dutelako. Dantzari Ttiki egunaren bitartez, “bertze herrietako dantza taldeekin harremanak egin” baitituzte urte luzez eta hori aberasgarria dela iritzi dio Sarasolak, bai dantza taldearentzat, baita dantzari eta euren familientzat ere. Harremanak egiteaz gain, dantzaz edozein momentutan disfrutatzeko aukera dagoela ere erakutsi nahi dute ekimen honekin.