10 mar, 2023
Eusko Jaurlaritzak OSI Bidasoako Plan Zuzentzailea argitaratu zuen atzo. 2023-2033 urtealdirako osasun zerbitzu publikoen plangintza izanik, eta azken hilabeteotan Osasun Bidasoa Plataformak egindako eskaerak zein tokiko talde politikoek eramandako eztabaiden gainetik, ez dio euskal gobernuak Irungo Udalari aurretik informatu ere egin.
Irungo Elkarrekin Podemoseko bozeramaleak gogor kritikatu du proposamena “forma eta edukian”. Bere ustetan, ez baitu gauza handirik argitu. A eta B planak dituela baizik. “Lehen aukera Irungo hirierdian 10.000 metro koadroko orube bat lortuz gero, anbulategi- ospital Frankestein bat eraikitzea proposatzen dute, lehen arreta zerbitzua zentralizatuz. Eta B plana, guztiz kontrakoa, Oinaurren hirugarren anbulategia eraikitzea, ez dago plangintza zehatzik”, salatu du Nuñok.
Txosten horren arabera, B planaren kasuan, Oinaurreko berriak 20.000 paziente artatuko lituzke, inguruko auzoei zerbitzu emanez. Eta Erdigunekoa gaur egungo 38.300etik 23.000ra apalduko luke lan-karga, Dunboakoa berdin geratuko litzaketeen bitartean.
Joko politikoa
Bestalde, osasun zerbitzu publikoen eztabaidak mahai politikoan sortzen ari duen harrabotsa salatu du Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. “Joko politikoak herritarrak nahasi besterik ez ditu egiten, eta hauteskundeen atarian gaudela norkberea saltzen ari da oso ardura gutxi erakutsiz”, dio Nuñok. Gaineratu duenez, bere taldeak osasungintza publikoa hobetu beharra dagoela bi urte daramatza defendatzen, baina ardura politikoa galdegin die bereziki EAJ eta PSE-EE alderdiei. “Jeltzaleak okerrenak dira, proiektu desberdinak hutsean aurkezten ditu etengabe, eskizofrenikoa da, eta sozialistak Irunen gauza bat defendatu, eta Gasteizen beste bat bozkatzen dute joko bikoitza eginez”, salatu du gordinki. Izan ere, 2015az geroztik udalak Oinaurreko lursaila anbulategi berria eraikitzeko erreserbatua duen bitartean, Jose Antonio Santano alkateak Eusko Jaurlaritzan bere alderdia gobernukide duela kontuan hartuta “presio emateko aski denbora” izan duela oroitarazi du. Aldiz, bertan hau defendatzen duen bitartean, Osasun Bidasoa Plataformak aurkeztutako plan integral baten eskaeran, Eusko Legebiltzarrean sozialistak jeltzaleekin lerrokatu egin zirela oroitarazten du.
Hitza asko eta aurrekontu gutxi
Nolanahi ere, eztabaidetatik haratago,Bidasoko ospitalearen eta Irungo Lehen Arreta zerbitzuen premia gorriarekin kezkatua azaldu da Elkarrekin Podemos. Eta “ezker-eskuin kea saltzen ari diren bitartean, hitz asko baina aurrekontu gutxi” dagoela agerian utzi nahi izan du. Aipatutako 2023-2033 Plan Zuzentzaile horretan Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan onartua duen inbertsio bakarra Dunboako anbulategia berritzeko baita. “51.000 euro besterik ez dira, broma bat dirudi, paretak margotu eta zerbait txukuntzeko besterik ez du emango”, ohartarazi du David Nuñok. Irundar bakoitzarengatik 80 xentimoko inbertsioa suposatzen baitu.