Podcast

Egurgintzaren matarrasari alternatiba, mendietako baso bizia (2021-11-05 13:20:26)

Edu Zabala, Baso Biziak Plataformako kidea


Egurgintzaren matarrasari alternatiba, mendietako baso bizia

"Badira berdeak eta berdeak, mendian dena ez da basoa". Hala dio Edu Zabalak, Baso Biziak Plataformako kideak Euskal Herriko basoen osasunaz eta etorkizunaz galdezkatua. Azaroaren 27an, Txingudi Ikastolako BHIko areto nagusian plataformak antolatu duen egun osoko 'Baso bizien aukerak. Matarrasik ez' jardunaldietan, biodibertsitatearen eta lurzoruen kontserbazioa ezinbestekoa dela erakutsi eta irakatsi nahi dute.

Euskal Herriko basoak kolokan daudela diote, azken hamarkadetan Jaizkibel eta Aiako Harrian bezala, orohar zuhaitz kopurua emendatu bada ere, egur ustiakuntzaren izenean egindako pinu insignis eta eukaliptoen monokultibo forestalak baitira asko eta asko. Bere ondorioekin.

Matarrasa, mendiari tabula rasa

Edu Zabala dioenez, "letxugak landatzen diren moduan, pinuak landatzen dituzte, eta 20 urteren bueltan denak mozten dituzte egurgintzarako, makinaria astunarekin lurzorua txikituz". Matarrasa teknika horrek ondorio latzak dakartza, "zuhaitza lurretik elikatzen delako, hartzen du, baina asko uzten du ere, lurra ongarritzen baitu", dio.

Eta bertakoak ez diren espezieek, lurra eta harekin ekosistema osoa eraldatzen dute. Eta egur ustiakuntzen epe laburrek ez dute fauna eta flora haren inguruan garatzen uzten. Gainera, lurra itxekitzeko zuhaitzen sustrai bizirik gabe, euriak ibai eta erreketara darama lurra. "Kontuan hartu Euskal Herrian lur zentimetro bat naturalki sendotzeko 100 urte behar direla", argitzen du Zabalak.

Hala, mendian ikusten dugun guztia ez da basoa: "Jendeak eta agintariek sentsibilizatu beharra dute, naturan eta klima aldaketaren borrokan ere, baso biziek zeresan handia dutela".

Alternatiba jasangarriak

Hau guztia aztertzeko eta alternatiba iraunkorrak aurkezteko helburuarekin antolatu dute azaroaren 27ko jardunaldia. Goizez (10:00-13:00) hitzaldiak izango dira esperientzia ezberdinak ezagutara emateko. Sugarai kooperatibak, Hergarai (Baxe Nafarroa) eskualdean abian jarri duten energia burujabetza eta egurraren ustiaketa jasangarriaren proiektua aurkeztuko du.

Bestalde, Errez kooperatibak, basoen kudeaketa jasangarria, klima, bioaniztasunaren galera eta espezie inbaditzaileak ikertzen dihardu. Eta Euskal Herriko Hazien Sareak, berriz, baso jangarrien eta agroforesteriaren berri emango du. Eta gaztainondoekin egindako esperimentu bat ere aurkeztuko dute.

Arratsaldez (15:30-18:00), aldiz, EHUko Joserra Diez, Oihana Barrutia eta Unai Ortega Biologian doktoreak, eta Ane Zabaleta Geologian doktorearen eskutik matarrasa basogintzari buruzko tailerra egingo dute.

Jardunaldietan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da basobiziakplataforma@gmail.com posta elektronikoan, eta 5 euro ordaindu beharko dira egunean berean.

Edu Zabala, Baso Biziak Plataformako kidearekin hitz egin dugu jardunaldietaz, eta gure basoetaz.

Azken berriak

Indartzen doan beganismoaren irudiko izango da asteburuan ‘Be Veggie’ azoka Ficoban

Wallmapu elkarteak Elias Garay maputxearen erailketa salatzeko elgarreratzea deitu du Irunen

Irundarren eta migranteen premiak begiz jota ditu EH Bilduk 2022rako

Irun gabonetako hiriburu bilakatzeko eginahaletan

Agian Zu Ere Atzegizalea Zara eta Ez Dakizu

Egunero denda batean opari banarekin prestatuko dute ‘Gabonaldia Hondarribian’



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika