Podcast

EH Bilduk 10 milioi euro eskatu ditu 'Pequeña Velocidad' kontzentrazio-esparrua babesteko

Jokin Melida, EH Bilduko Irungo hautetsia


EH Bilduk 10 milioi euro eskatu ditu 'Pequeña Velocidad' kontzentrazio-esparrua babesteko

Via Irun proiektuaren pasabidea eraldatu dezaten proposatu dute Madrilen, pabiloi horrek gordetzen duen balio historiko-memorialistikoa gordetzeko. 85 urteotan jasan duen abandono egoeraren aurrean, eraikinaren birgaitzea aldarrikatzen du EH Bilduk. 

Koalizio abertzalearen Irungo ordezkarien arabera, Oroimen Historikoari ez zaio Irunen behar garrantzia eman Via Irun proiektuari dagokionez. Eta eraikiko den tren geltoki berria eta Sebastian Errazu kalearen arteko hiri pasabidea 'Pequeña Velocidad' zeneko pabilioiaren erdi-erditik pasatzen denez, pasarelaren proiektua eraldatzea eta historikotzat jotzen duten eraikina bera babestu eta berritzeko 10 milio euroko zuzenketa aurkeztu du Madrilen, espainiar estatuko 2023ko aurrekontuen negoziaketan.

Estatuaren jabetzakoek diren eraikinaren inguruko lurrak udalak eros ditzan proposatu du EH Bilduk. Eta 85 urtez bere horretan mantendu den eraikina berritu dezatela. Jokin Melida, EH Bilduko Irungo hautetsiak azaldu duenez, "bereziki azken 20 urteetan egin du okerrera eraikinak, eta egitura ukitua badago ere, erori baino lehen duen balio historikoa gorde egin behar da". Izan ere, 1936-1942 urtealdian Irunen izandako bost kontzentrazio-esparruetatik zutik iraun duen bakarra eraistea aurreikusten du Via Irun proiektuak. Artxibo ofizialen arabera, gutxienez 3.971 "gizonezko errepublikar" sailkatzeko baliatu zuten eraikina, espainiako beste kontzentrazio esparru eta kartzeletan errepresaliatuak izan aurretik.

Via Irun egokitzeko beharra

Zentzu honetan, joan den urrian Via Irun proiektuaren aurrerapena onartzeko udalbatzan koalizio abertzaleak kontra bozkatu zuen. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak aurkeztu zuen eskaera babestuz. Elkarte memorialistak 300 orrialdeko proiektua aurkeztu du Irungo udalean ez ezik, Espainiako Memoriaren Bulegoan ere, eraikina Oroimen Gune bilakatzeko. Oroimenerako sentsibilitatea duela adierazi zien Jose Antonio Santano alkateak udalbatzan, eta "akordio batera" heldu zitekeela iragarri zuen. Baina gobernuak aurkeztu berri duen 2023ko udal aurrekontuen proiektuak aipatu pasabidea eraikitzeko 6,2 milioi euroen %44a diruztatzeko partida aurreikusten du. ADIF, Eusko Jaurlaritza eta udalaren artean finantzatuko baita.

Honen aurrean, EH Bilduk proiektua egokitzeko eskatu du. "Ez dakigu zenbat kostatuko luke guztira pasabidea moldatu eta eraikina birgaitzea, baina aurkeztu dugun 10 milioi euroko partida aski izango da, eta soberan izango balitz, degradatua dagoen ingurua hobetzeko baliatu dezatela", argitu du Melidak.

Azken berriak

Kepa Ordoki elkarteak "Pequeña velocidad" esparrua Memoria Demokratikoaren gune izendatzea eskatu du Ministroen Kontseiluan

Giza eskubideen astea Irunen

Ostomila txontxongilo taldea Boliviako nazioarteko festibalean

Elefante txuriaren Erromatar desfile handia Iruñean

Intxaurra antzezlana eskainiko dute Lesakan larunbatean

Bertso taldekako txapelketa ospatuko da larunbatean Beran eta Lesakan



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika