08 mar, 2023
Martxoaren 26an Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Arzalluz eta Oihana Iguaran gonbidatu ditu guraso elkarteak Biriatuko plazara, ikastolaren proiektua sustengatzeko.
2015ean 5 ikaslerekin hasi zuen Biriatuko Ikastolak bere ibilbidea, Seaskaren idiosinkrasiari jarraiki: Herri bat, ikastola bat. Hendaiako Gure Ikastolaren laguntzarekin hasieran, eta pittaka-pittaka bere bidea egiten doa oztopo eta sasi guztien gainetik. Hala, hirugarren urterako ikasle kopurua hiruzkoiztu egin zuten, eta gaur egun adin desberdinetako 26 ikasle dira bertan.
Proiektua ekonomikoki sustengatzeko, urtero antolatu ohi duten bertso saioa ospatuko dute martxoaren 26an (17:00etan). Euskal Herriko bost bertsolari ezagun izanen ditugu gure artean: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Arzalluz eta Oihana Iguaran bilduko dituzte Biriatuko plazan eguraldia lagun bada, eta euria balitz elizara lekuz aldatuko lukete. Aimar Karrika izanen da gai jartzailea.
Sartzeak herriko Xoldo eta Pausuko Xaia ostatuetan eskura daitezke 12 eurotan, edota honako bi telefono portableetan. Iparraldekoa +33 688 769 907 edota Hegoaldekoa +34 657 735 290. Haurrak kitorik sar daitezke.