04 oct, 2022
Emakumeen egoera 36ko estatu kolpearen ondoko urteetan isilean iragan bada ere, "emakume izanagatik" kartzeletan pairatu zutena argitara eman nahi du 'Papillons, esangabeko hitza' erakusketak.
Errepresaliatutako emakume errepublikarrek kartzela frankistetan jasandako umiliazioen berri ematen du gordinki Irungo Udaleko Memoria Historikoaren Bulegoak Oiasso Museoan antolatu duen erakusketak. Urriaren 4 honetan estreinatu dute, eta hilaren 16a arte bisita daiteke 'Papillons, esangabeko hitza' izeneko erakusketa.
Oiasso Museoko zuzendariak, Aizpea Goenagak azaldu duenez, "barruak nahastutzen dituen erakusketa da, ikus daitekeen dokumentala eta guzi, baina entzun behar da, ezagutu behar dugu". Gordina izanagatik ere, gertutasun handiko erakusketa dela nabarmendu du.
Udalak antolatu duen ziklo baten aurrenekoa besterik ez da. Oroimen historikoan sakontzen jarraitzeko helburuarekin, bigarren erakusketa nazien kontzentrazio-esparruei buruzko 'Deportazioa, bakardadea eta isiltasuna' izango da, Amical Mauthausen elkartearen eskutik, urriaren 18tik 30era. Eta hirugarrena, hitzaldi bat izango da, urriaren 27an Amaia KZn. Carlos Hernández de Miguel kazetariak emango du, "Los campos de concentración de Franco" izenburupean. Eta bertan aipamen berezia egingo die Euskadin izan ziren kontzentrazio-esparruei.