23 may, 2023
Irungo Ayamendi Gimnasia Erritmiko Klubeko 60 neskatoen gurasoek bertan-behera utzi dute “Diskriminaziorik ez!” lelopean maiatzaren 24an deitua zuten elgarretaratzea. Aurreneko kontzentrazioaren ondotik, Borja Olazabal udal kirol ordezkaria klubarekin harremanetan sartu da euren beharrak aztertzeko konpromisoa jakinarazteko.
Joan den larunbatean kontzentrazioa egin zuten Irungo San Juan plazan, kirolari gazte hauek duten entrenatzeko baldintza kaxkarrak salatzeko. Haurren baldintzak salatuz bideo bat ere argitaratu zuten sare sozialetan. Baina gurasoek argitu dutenez, “helburua ez da udalarekin gatazkan sartzea, gure alaben baldintzak hobetzeko elkarlana bilatzea baizik”.
Izan ere, gaur egun astelehenetan (17:30-19:30) eta asteazkenetan (16:30-19:30) baizik ez dute Artalekuko pistak erabiltzeko baimenik. Eta Gipuzkoako beste klubetako gimnastek astean 5 egunez trebatzeko aukera duten bitartean, hazten ari den Ayamendi klubaren garapena mugatua ikusten ari dela diote. Ikasturte hasieran 20 neskarekin hasi baziren ere, ikasturte honetan hirukoiztu egin da taldea, eta heldu den ikasturtera begira gehiago espero dituzte. “Gaur egun dagoeneko badira neska batzuk kanpoan geratu direnak espazio faltagatik”, kexu dira gurasoak. Izan ere, kirol modalitatea zein den kontuan hartuta, espazio handiak behar dituzte entrenatzeko. Garai batean Artiako trinketea erabili izan zuten ere, baina berritu egin zutenetik udalak ez die erabiltzeko baimenik ematen.
20 urteko ibilbide honetan kluba hazten ari da, eta ordutegiak zabaltzeko premia dute, maila handiagoko kategorietara sarbidea izateko. “Bidegabetzat” jotzen dute “Irungo Udalak kirol masiboengan duen begirunea, eta txikiagoen beharrak ere asetu” behar dituela oroitarazi diote. Zentzu honetan, Borja Olazabalek, Irungo Kiroletako udal ordezkariak aipatu digunez, klubarekin harremanetan jarri da aste honetan heldu den ikasturtean dauden aukerak aztertzeko. Idatziz eman die ikasturte hasiera guztietan bezala, klub bakoitzaren beharren arabera espazioak eta erabilera-ordutegiak egokitzen saiatuko direlako konpromisoa.
Dena dela, kiroletako ordezkariak klubari aitortu egin dio ere, espazio zabalak erabiltzeko beharra duten disziplinetarako instalazio eskaxak dituela Irungo hiriak une honetan. Baina Azken Portu kiroldegia handitzeko proiektuarekin bezala, datozen urteei begira hobekuntzak aurreikusten dituztela.