Podcast

Erlaitza Eskola sendotzen jarraitzeko sustengu gaualdia antolatu dute ostiralean

Adelaide Darraspe, Erlaitza Eskola Elkarteko kidea


Erlaitza Eskola sendotzen jarraitzeko sustengu gaualdia antolatu dute ostiralean

Urruñako Olhetako auzorako bidean, oihanaz inguraturik sortu zen Erlaitza Eskola 2019ko urtarrilan. Zazpi umerekin zabaldu zituen ateak, eta dagoeneko 3-9 urte arteko 21 ikasle biltzen ditu. Pedagogia eraldatze prozesu baten barne kokatzen dute eskola. Horren baitan, haien heziketa bideratzeko hiru bidelagun dituzte. Izan ere, Erlaitza Eskola Elkarteko Adelaide Darraspek aipatu digunez, eskolan irakasleak bidelagun izendatu dituzte. "Metodo desberdin anitz baliatzen dituzte, jolas-librea, komunikazio ez bortitza baliatuz eta haurrak autonomian utziaz jolasten, eta haien emozioak zaintzea eta lantzea garrantzia handia du", argitzen du.

Handitzen doazten heinean, autonomia lantzen dute beti. "Haur bakoitzak proiektu pertsonal bat du motibazioa sustatzeko", dio Darraspek, "haurrak ikasiko duena, benetan barrenetik datorkion jakinminak eta gogoak bultzaturik da".

Hala, beste hautu bat egin dute bertako gurasoek euren seme-alabentzat. Gurasoen eta proiektuaren eramaileen ustetan, ohiko hezkuntza sistema tradizionalak ez baititu haur eta gazteen nahiak, beharrak, emozioak eta garapen-erritmoak aintzat hartzen.

Sustengu ekonomikoa

Halere, hezkuntza sistema alternatibo baten engaiamendua ez da kitorik ateratzen nahi duenarentzat. Eta gurasoek osoki ordaindu beharra dute dena. Egoitza, irakasleen ordainsariak, materiala... Izan ere, Hezkunde Nazionalaren metodologiari ez lotzearekin batera, estatuak ez du diruztatzen ahal. Merkatu ttipiak, txokolateak eta eguberriko arnoen salmentak antolatu izan dituzte urteotan. Baina bortxazko egoitza aldaketa bati aurregin behar diote heldu den ikasturteari begira.

Orain artean Olhetako bidean zen egoitzaren alokairua bikoiztu egingo die jabeak, eta Urruñako herriko etxearekin luzaz landu ondotik, honek lursail bat eskaini die alokairuan euren egoitza berria eraiki dezaten. Hau ekonomikoki bideragarri egiteko ekintza desberdinak antolatuko dituzte aurrerantzean. Eta lehendabizikoa, ostirala hontako 'Pizza Gaualdia' da. Hendaiako erlaitzako bidean dagoen Eskualduna akanpalekuaren ostatuan pizzak salduko dituzte Erlaitza Eskolako partaideek, eta pizza bakots 10 euro eskola sustengatzeko izango da. Berant artio izanen dira bertan.

Xehetasun gehiago nahi dituenak edo haiekin harremanetan sartu erlaitzaeskola@gmail.com edota www.erlaitzaeskola.eus.

Adelaide Darraspe, Erlaitza Eskola Elkarteko kidearekin hitzegin dugu.

Azken berriak

Presondegi barruko doinua hitzez biltzen dituen "Musikartzela"

Alardean aldaketarako urratsak emateko "ausardia" euki dezala eskatu dio Irungo EH Bilduk alkateari

Irungo udal gobernukide batek emango dio hiriko bandera Alarde Publikoari aurreneko aldiz historian

Melillako hesian izandako sarraskia salatzeko elgarretaratzea deitu du Harrera Sareak Irunen

Arma Plaza Fundazioa: 10 urte herriko ondarea balioan jartzen

Borrokan jarraituko dute garbitzaileek, udalbatzan hitza hartu eta arreta piztu ondoren ere



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika