28 ene, 2022
Irun Aurrera planaren baitan, ostalaritzari 1.000 euroko dirulaguntza zuzenak eta beste hainbat neurri martxan jartzearekin batera, Irungo Udalak COVIDaren ondorioz kaltetutako hiriko merkatariak eta ostalariak laguntzeko, eta familien erosketa gastuak arintzeko helburuarekin sortu zuen 10 euroko erosketa bonoa. Irun EAEko lehendabiziko udalerria izan zen halako neurri bat hartzen, eta ekimenak izandako eragina “ezinhobe” baloratzen dute. Komertziante, ostalari eta herritarren erantzuna datuetan neurtu baitaiteke. Antolatutako lehen edizioan 127 establezimendu atxiki ziren bitartean, azken honetan 230 izan dira. “Parte hartzen hasi zirenek errepikatu egin dute, eta bi urteotan 100 gehiagok bat egin dute, beraz, emaitza onak dituelaren seinale da hori”, azpimarratu du Juncal Eizagirrek, Hiri Bultzadarako ordezkariak.
Heldu den otsailaren 7an Komertzioaren Mahaia bilduko da berriz, eta bertan erosketa bonoekin edota antzeko neurri pizgarriekin jarraitu ahal izatea aztertuko dute. «Helburu nagusia da, azken batean, jendeak bertan erosteko ohitura har dezala», dio zinegotzi sozialistak. Bonoek hiri-ekonomian izan duten eragina kontuan hartuta, tokian tokiko erosketak bultzatzen jarraitzeko dinamikan sakontzeko asmoa ere iragarri du. “Ia irundarren erdiak aprobetxatu du bonoren bat, eta inpaktu ekonomikoa gutxienez 1,5 milioi eurokoa izan da. Irundarren Irunen utzi duten dirua”, nabarmendu du Eizagirrek. Izan ere, bonoei esker, irundarrek dendetan egin dituzten 30 euroko erosketa bakoitzetik 10 euro Udalak bere gain hartu ditu, eta beste hainbeste ostalaritzan egindako 20 euroko kontsumizioetan.
Hala, Irungo Udalak 543.440 euroko ekarpena egin du (65.000 bono eskaini zituelarik ere), baina irundarrek gutxienez beste milioi euro jarri dituztela gogoan hartzeko datua dela uste du udal ordezkariek. “Berez, mobilizatutako dirua gehiago izan daiteke, bezeroek ez dituztelako 30 euroko erosketak justu egiten”, argitu du Hiri Bultzadarako ordezkariak.