01 feb, 2023
Frantses gobernuaren erreformaren kontra Baionan bildutako 17.000 lagunen artean, intersindikala, alderdi politiko eta eragile sozialei, Txingudiko Pentsionisten Plataforma batu zaie.
Joan den astean 10.000 lagun bildu ondoan, intersindikalak deituriko bigarren greba egunean, 17 000 herritar bildu ziren atzo Baionako karriketan erretreten erreformaren kontrako manifestaldian. Herritarren eskubideen alde Baionan inoiz egindako mobilizaziorik handiena izan dela nabarmendu dute sindikatuek. Eta mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dute hurrengo asteartean.
Baina erretreta adina 64 urtera gibelatzea onartezina delakoan, tokian tokiko mobilizazioak ere antolatuko dituzte. Horren kari, otsailak 2an, ostegun honetan Hendaiako tren geltokian elgarretaratzea deitu dute CGT eta LAB sindikatuek. Arratsaldeko 18:00etan bilduko dira tren geltoki aintzinean, eta Txingudiko Pentsionisten Plataforma bertan izango da ere, Hegoaldetik euren sustengua emateko. Bost urte daramatzate astelehenero Irungo San Juan plazan mobilizatzen. Baina erretreta edo jubilazio sistema publikoa kolokan dagoela ulertuta, "borroka Euskal Herri osoan eraman beharra" dagoela aldarrikatzen du plataformak. Horregatik ere, plataformako ordezkaritza bat Baionako manifestaldian parte hartu zuen "erretreta sistema publikoa defendatu behar da, egiten ari direna terrorismoa dela pentsatzen baitugu", dio Xole Agirre plataformakideak.
Mugazgaindiko mobilizazioa
Bestalde, LABek manifestazioa eginen du Hendaia eta Irun artean erretreten erreformen kontra. Sindikatu abertzaleak ziurtatu du posible dela erretreten iraunkortasuna bermatzea murrizketarik egin gabe. Eta borroka amankomunaren mugarri, otsailaren 8an Hendaiatik Irunera arteko mobilizazioa antolatu du bi estatuetako murrizketak salatzeko. Goizeko 11:00etan Hendaiako tren geltokitik abiatu, eta azken urteetan frantses zein espainiar Estatuetan izan diren murrizketak salatzeko protesta egingo dute mugazgaindi.