08 mar, 2023
Umeei zuzendutako ipuin tradizionalen inguruko esperimentu bat egin du Parean elkarteak Txingudi Ikastolako DBHko ikasleekin. "Eta hala ez bazan" estereotipoetatik aske hazteko tresna izango den bideoa ekoitzi dute, 'Txanogorritxu' ipuina deseraikiz.
Haur literaturan oharkabean pasa ohi zaizkigun matxismoaren normalizazioaren mezuen aurka tresna baliagarria izango delakoan, ehunka bisita jaso ditu Parean elkarteko proiektuaren bideoak, sareetan argitaratu bezain pronto. Ekimena berritzailea izanagatik ere, dagoeneko Herri Katalanetan 'Cambia el cuento' lelopean izandako arrakasta hartu dute eredu, baina euskal komunitatean eragin nahian.
Horretarako, Bira kooperatibaren eta Patata Tropikala antzerki laborategiaren laguntzarekin, modu pedagogikoan ari dira indarkeria sexualen inguruan hausnartu eta eragin nahian. 300 bat urte kontatzen daramagun 'Txanogorritxu'ren ipuina hartu dute oinarri, betaurreko moreak jarri, eta hau deseraikiz. 'Eta hala ez bazan...' ekimena, haur eta gazteek oharkabean ipuinen bidez jasotzen dituzten mezuak birpentsatzeko aukera emango duelakoan dira Parean elkartean. Izan ere, ahoz-aho kontatzen ditugun ipuinek haur eta nerabeengan eragin nabarmena dute.
Aipatutako bideoa youtuben eta parean.eus atarian aurki daiteke, eta euskaraz ekoitzia izan da euskal komunitateari zuzenduta, eta edozein ikastetxek gidaliburu ukan dezan gaia lantzeko.
Literatura mehatxu ala aliatu
Parean elkarteak azken hiru urteotan hari bereko zenbait proiektu burutu ditu. Irungo Eguzkitza ikastetxeko zein Oiartzungo udal liburutegietako liburuen edukia aztertu baitute, eta aurreiritzi sexistak ez dituzten liburuak %10a baino ez direla ohartarazi dute.
Zentzu honetan, berdintasun baloreen aldeko aliatu ala jarrera matxistak betikotzeko mehatxu izan daitezkeela diote. Haur literaturak berdintasunean, autonomian, dibertsitatean, errespetuan eta askatasunean hezteko tresna lagungarria izan daitekeela sinetsita daude.