Podcast

«Etxeak garesti dira jende guziak nahi duelako etorri bizi-kalitate handiagatik, baina etxe publikoak egingo ditugu herrikoentzat»

Gonzalo Carrion Insausti, Hondarribiako EAJko hautagaia


«Etxeak garesti dira jende guziak nahi duelako etorri bizi-kalitate handiagatik, baina etxe publikoak egingo ditugu herrikoentzat»

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Hondarribiko EAJ-PNVko hautagaia Gonzalo Carrion Insausti izan dugu gonbidatu Antxeta Irratiko Goizeko Kafean.

44 urte ditu eta Udal Gobernukide izan da azken zortzi urteotan. Azken agintaldian Obra eta Zerbitzuetako udal ordezkari gisa. Enpresa arduraduna gremioen koordinazioan, herriko arraunlari nabarmena ere bada. Aitortzen duenez, alkatetzara aurkezteko erronka ilusioz hartu du. Eta udalak agintaldi honetan abiatutako zenbait proiekturi jarraipena eman nahi dizkio mugikortasunaren alorrean, Kalez Kale Hondarribia Hobetzen proiektuaren baitan. Bere ustetan, oinezkoari eta bizikletari lehentasuna eman behar zaio. Baina orain arte kotxez egiten zen “ez zegolako espaloi zabalik eta zebrabideak ere gaizki” zeudelako. Agintaldi berrian Mendelu hobetu eta Irun-Hondarribia bidegorria osatu nahi du. Era berean, erregai alternatiboko minibus ekologikoa martxan jarri nahi du ere, “elektrikoa eta gasazkoak probatu eta gero, ikusi behar da zein den egokiena”.

Herriko etxebizitzak bizi duen garestitze etengabearen aurrean, etxebizitza publiko gehiago eraikitzean ikusten du konponbidea herriko gazte eta familientzat. “880 etxebizitza eraikiko ditugu eta udalean Etxebizitza Departamendua sortuko dugu hori kudeatzeko”, dio. Halere, apartamendu turistikoen “jarduera ekonomikoa” erregulatzeaz harago, espekulazioari neurri hartzeko ekintza zehatzik ez du aurkeztu. “Jende guziak nahi du Hondarribira etorri bizitzera, oso bizi-kalitate maila handia dagoelako, eta lur gutxi dagoenez etxeak garestitzen joan dira, hori merkatuak markatzen dizu. Horregatik, etxe publikoak egingo ditugu herrikoek etxebizitza eduki dezaten”, argitzen du.

Berdintasun politiketan udalak Gipuzkoako 10.000 biztanle baino gehiagoko beste udalerriekin alderatuta atzerapena daramala aitortzen du. Baina teknikariek markatuko duten bidea jarraituko duela. Aldiz, Alardearen gatazkari buruz, elkarbizitzari ematen dio garrantzia, eta denborak esango duela zer gertatuko den. Baina udal taldeen mahaian bitartekaritza lanak egiteko prest badago ere, “negoziazioa ez da bidea” bere ustetan. “Ez dago zer negoziatzerik, ez gaudelako deus erosten edo saltzen, ama birjinaren eguna bizi dezala bakoitzak sentitzen duen moduan”, azaltzen du Carrion Insaustik.

Herritarren parte-hartzeaz eta herriko zenbait auzoetatik eman izan den ezinegonaren aurrean, “modu eraikigarrian denekin hitz egiteko prest” azaldu da. Eta ekonomia arloan, lehen sektorea bultzatu eta eskulangile eta artisauentzat xaia gune bat ere proposatzen du Gaintxurizketan, herriko enplegu aukera berri gehienaren itxaropena Zubietako parke teknologikoan jarria duelarik.

Entzun #Hurbiletik_GonzaloCarrionInsausti elkarrizketa

Azken berriak

Klima aldaketaren erronkan konponbidearen parte izateko deia luzatu du Txingudi Ekotxeak

Borderline Fabrikak «gure errealitatearen lagina» biltzen duen Ostemponuna denbora kapsula sortu du

Badator Hendaiako Sagarno Egunik parte-hartzaileena

Gazteek espazio, protagonismo eta aukera gehiago izango dituzte aurtengo Irungo jaietan

Bioterra: 20 urte aldaketa klimatikoaren kontra borrokan

Mendibil auzuneak bizi duen ahanztura salatu dute bizilagunek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika