Podcast

Xan Goenaga, Etorkinen kolektiboko kidea (2021-10-12 14:43:17)

Irungo Harrera Sarea (2021-10-12 14:40:27)

Europako migrazio politiken biktima-zerrendak ez du geltokirik, ezta errukirik ere

Donibane-Ziburuko tren geltokitik 200 bat metrora, hiru pertsona hil dira eta laugarren bat larriki zauritua (Baiona ospitalera eraman dute goizalde hontan) izan da, trenbidearen bazterrean lo zeudela, goizeko lehen trenak harrapatu dituenean. Polizia iturrien arabera goizaldeko 5ak aldera gertatu da, eta goiz osoa eman du tren zerbitzua gelditua, Ziburuko Credite Mutuelle-aren parean, Ziburu eta Donibane lotzen dituen zubiaren hasieran istripua aztertzen zuten bitartean.

Baionako Bourrier prokuradoreak iragarri duenez, hiru hildakoetatik bi aljeriar jatorrikoak dira. Eta lauak migratzaileak. Baina ikerketa judiziala eta poliziala sekretupean da oraindik, gertatutakoa argitu nahian.

Etorkinekin kolektiboek gogor salatu dute migranteak Baionara heltzeko egin beharreko bidean denak direla oztopoak. Eta Vigipirate Plan antiterrorista aitzakia hartuta, frantses poliziak egiten dituen mugako kontrolen ondorioak latzak direla.

Xan Goenaga, Etorkinekin kolektiboko kidearen arabera, Bidasoa ibaia dagoeneko puntu beltza bilakatua bazen, hau gurutzatu nahian bi pertsona ito egin direlarik, “beste puntu beltza Hendaia eta Baiona arteko bidea” dela nabarmendu du. “Baionan Atherbea harrera gunea eskaintzen zaien bitartean, ez zaile migratzaileei hara heltzeko bide segururik eskaintzen”, dio etorkinen aldeko bolondresak. Kontrakoa baizik. Izan ere, mugan ez ezik, Hendaia, Donibane-Ziburu eta Baionako tren geltokietan kontrol zorrotzak egiten ditu poliziak. Eta azkenean, “hauek sahiestu nahian, bidea izkutuan, ihesean egitera behartuak dira”. Horregatik, migratzaileek Baionara heltzeko autobusak antolatu edota bidea erraztu dezaten galdegiten diete agintariei

Bidasoaz bestalde dolu-xingola ere bai

Irungo Harrera Sareak ere gogor salatu du errealitate hau. Hunkituta hartu dute goizaldean Donibane-Ziburun gertatutakoa. Eta trenak harrapatu baditu ere, istripua izan denik ukatzen dute. Josune Mendigutxia, Harrera Sareko kideak dioenez, “polizien kontrol zorrotzetatik ihesi nahian, izkutuan pasatzen dute muga, eta Bidasoan itozeko, mendietan irrist egin eta hamiltzeko, edota trenbideetatik izkutuan ibilian bizia arriskatzera behartzen dituzte”, salatzen du.

Bien bitartean, Iparraldeko kolektiboek elkarretaratzea antolatu dute bihar Donibane-Ziburuko tren geltokian, baina ez dute oraino ordu finkatu.

Hendaiako Bidasoa Etorkinekin elkarteak ere bat egiten du deialdiarekin. Eta elkartetik jakinarazi dute, bestalde, gaurkoa “zinez mingarria eta tristea” bada ere, urriaren 23an, larunbatarekin, antolatua zuten elkartearen bilkura atxikiko dutela. Etorkinen egoera aipatuko dute Hendaian eta elkartea aurkeztuko dute. Bilera goizeko 10:00etan izanen da Hendaiako Villa Marie etxean, Elizaren bidean.  


Azken berriak

Indartzen doan beganismoaren irudiko izango da asteburuan ‘Be Veggie’ azoka Ficoban

Wallmapu elkarteak Elias Garay maputxearen erailketa salatzeko elgarreratzea deitu du Irunen

Irundarren eta migranteen premiak begiz jota ditu EH Bilduk 2022rako

Irun gabonetako hiriburu bilakatzeko eginahaletan

Agian Zu Ere Atzegizalea Zara eta Ez Dakizu

Egunero denda batean opari banarekin prestatuko dute ‘Gabonaldia Hondarribian’



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika