01 jun, 2022
Olatu demokratiko berri baten menturan, "euskal errepublikaren aldeko tsunamia" antolatzeko indarrak biltzen darama EHUN mugimendua azken urteotan. Eta pandemiak geldiarazi zuena berraktibatu egin da, burujabetza ekintza masibo batekin. Irungo Ficoban izango da ekainaren 4an, eta parte hartzeko deia egin diote euskal jendarte osoari. Ekintza 12.00etan izango da, eta parte hartuko dutenei mozorrotuta joateko eskatu die euskal errepublikaren aldeko egitasmoak.
Peio Aranzabalek argitu duenez, "lapurtu egin dizkiguten burujabetzak aldarrikatu edo erregutzetik egitera pasatzeko urratsa emateko garaia iritsi da, eta Ficobako ekintza abiapuntua besterik ez da izango". Ezin izan dute ekintzari buruz gauza handirik iragarri ahal izan, baina ziur daude "hurbiltzen den oro harro egongo dela parte hartu izanaz".
Burujabetza: borroka anitzen aldarri
EHUN mugimenduko kideen arabera, herritar asko eta asko dira euskal errepublika baten, estatu propio baten beharra barne-barnetik sentitzen dutenak. Izan ere, etxebizitzaren prezioak ezin ordainduta auzotik edo herritik kanpora bizitzera joan behar izan diren herritarrak; inposatutako mugak direla eta, Bidasoa ibaia ezkutuan gurutzatu behar dugunak; lan baldintza prekarioen baitan lan gatazkak bizi eta borrokatzen dituztenak; kobratzen duten pentsioarekin neguan berogailua piztu ere ezin duten herritarrak edota euskaraz bizi nahi duten eta trabak baizik pairatzen ez dituzten ikasle eta herritarrak... orotariko borrokak dira estatu burujabe batean desberdin kudeatuko liratekeenak. "Intsumisioaren garaian bezala, gauzak eskatu eta aldarrikatu baino, mugitzen hasi eta desobedientziaren bidetik borrokatzeko" deia luzatzen dute. Jendartea aktibatu nahi dute horretarako.
Izan ere, Espainia eta Frantziarekin loturak, korapiloak askatu eta euskal errepublika ez da egun batetik bestera lortu ahal den zerbait. Baina "bide sinesgarri bat irekitzeko helburua du larunbateko ekitaldiak Ficoban".
Gehiago jakin nahi duenak, aldiz, ekainaren 3an Hendaiako Baleak elkartean bilkura irekia antolatu dute mugimenduaren berri emateko.