Podcast

Garbiketa zerbitzuen ardura Udalarena denez, gatazkari amaiera ez dezala gehiago geroratu eskatu dio Abotsanitzek udal gobernu jeltzaleari

Igor Enparan, Abotsanitz taldeko bozeramalea


Garbiketa zerbitzuen ardura Udalarena denez, gatazkari amaiera ez dezala gehiago geroratu eskatu dio Abotsanitzek udal gobernu jeltzaleari

Eskoletako garbiketa ez ezik, hainbat udal bulegoetakoa ere, udalaren ardura dela oroitarazi du oposizioko talde nagusiak. «Konponbide erraza» daukalakoan, utzikeria leporatzen diote, ez baitute ulertzen gobernua «nolatan ez den mugitu hilabeteotan guztietan».

Joan den urtarrilaz geroztik sobera luzatzen ari den gatazkaren aurrean, Hondarribiko Udalaren jarrerarekin ez dago konforme oposizioko udal talde nagusia. Eskoletako garbiketa ez ezik, hainbat udal bulegoetakoa bermatzen duten langileak udal langile bihurtzea nahiko luke. Baina zerbitzua azpikontrata ereduan oinarrituta egonagatik ere, “zerbitzua bermatzeko ardura” udalarena dela oroitarazi du Igor Enparan bozeramaleak. “Zerbitzuaren gaineko kontrola eta kalitatezkoa dela bermatzea hari dagokio”, argitu du. Hortaz, afera ez dezala gehiago geroratu eskatu dio gobernu taldeari, eta “egoera honekin” amaitzeko urratsak eman ditzala, “enpresaren alde agertu beharrean, langileen lan baldintza duinak bermatuz”.

Igor Enparanen arabera, “konponbide erraza dauka arazo honek, baina horretarako udalaren borondatea ezinbestekoa da, eta ez dugu ulertzen nola den posible hainbeste hilabete ondoren mugitu gabe jarraitzea”. Herriko Loraitz haurreskolan eta Talaiako eskoletan bizi duten egoerak erantzun azkarrak eskatzen ditu, salto gela edo txikien lo egiteko sehaska gelak itxi behar izan dituztelarik, nabaria delako “egoera ez dela jasangarria, oinarrizko eskubidea den hezkuntza hunkitzen ari delako”.

Horren aurrean, Talaia guraso elkarteak irailaren 23an egin duen manifestazio deialdiarekin bat egin du Abotsanitzek. Eta udalari abenduan amaituko den garbiketa azpikontratuaren aurrean dauden “alternatibak aztertu” ditzatela eskatu dio. Baina bitartean, erantzun azkarrak borondate kontua direla nabarmendu du oposizioko taldeak. “Ez dago gehiago itxaron beharrik, bihar bertan konponbide bat eman daiteke langileen eskubideak errespetatuz”.

Azken berriak

Euskaraldia hedatzeko auzoetara luzatuko dute deia Hondarribian

Balazta: "Egungo gynkanari azpiegitura egokiek leku emango diotenean, jendeak bizikleta erabiliko du"

Hirigunetik urrun bizi diren adineko hondarribitarrentzako Bidez Bide zerbitzua berriz ere martxan da

Larreaundi-Olaberriako auzo bizi-giroa indartzeko eginahaletan

HAPOa onartu arte baserritarrek aroaren baitan jarraitu beharko dute azoka egunetan

Ehun hitzetan izua sortzeko deia luzatu du Blagan-ek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika