Hori da LAB sindikatuak datorren astearteko Langilearen Eguneko mobilizazioetarako proposatzen duen leloa. Zubi egunak direla eta, langileria mobilizatzea zaila suerta daitekeen arren, indarrak batu eta agintariek erabakitako kapitalismoaren aurrean alternatiba bat eskaintzeko unea iritsi dela aldarrikatu du. Hala, Euskal Herri mailan 20 eskualdetan, beste hainbeste manifestaldi deitu ditu LABek maiatzaren lehenerako. Oarso-Bidasoa eskualdekoa Irungo Urdanibia Plazatik aterako da eguerdiko 12:00etan.
Zentzu horretan, atzera bueltarik ez duen krisialdian bete-betean murgilduta gaudela nabarmendu du sindikatu abertzaleak, eta aterako garenean, ez garela krisi aurreko baldintzetara bueltatuko. Egoera latza baita. Maiatzaren lehenerako Irungo langabezi-tasa %17an kokatuko dela dio LABek, eta Behe Bidasoa eskualdekoa, batez bestean %16an. Baina datu gehiago eman dituzte. Langabetuen %53ak urtebete baino gehiago darama langabezian, eta %28ak bi urte baino gehiago. Eta langabetuen %42ak ez du inolako prestazio ekonomikorik une hauetan. Egoera horren aurrean, probezia egoera, marginazio arazoak, etxeetatik kanporatzeak egunerokoak bilakatu dira.
Halere, langileria batuz gero, eredu ekonomikoari alternatiba emateko aulkera badagoela uste du LAB sindikatuak.
Azken berriak
Alardearen erronkak Irungo V. Berdintasun Planean ezinbestean txertatu behar direla esan du Emakundek