Podcast

HAPOa onartu arte baserritarrek aroaren baitan jarraitu beharko dute azoka egunetan

Kalixa Silanes, Hondarribiko Landa Garapenerako zinegotzia


HAPOa onartu arte baserritarrek aroaren baitan jarraitu beharko dute azoka egunetan

Joan den asteazkenean bertan behera utzi behar izan zuten Damarri plazako azoka, eguraldi txarragatik. Azoka aterpetu berria Portuan kokatzea adostu dute, baina HAPO berria onartu arte, ekoizleek egoki ikusten ez duten Soroetako frontoia eskaini die Hondarribiko Udalak aro txarra den egunetarako. 

Joan den udaberrian 10 urte bete zituen Hondarribiko baserritarren azoka bertan behera geratu zen joan den asteazkenean. Damarri plazan, kalean antolatzen dute, eta eguraldi txarreko egunetan ez da girorik, ez baserritarrentzat, ezta bezeroak eroso hurbiltzeko ere. Ez da atzo goizeko kontua. Izan ere, azken urteetan udazkenean eta negu gorrian errepikatu ohi den egoera da. Abotsanitz udal taldeak herriko ekoizleen lanari eta produktuari merezi duen balioa emateko, "azoka aterpetu, duin eta finko" baten beharra aldarrikatu du aste honetan berriz ere. 2020ean eta 2021ean iada, udalbatzan eskatu izan duela oroitaraziz.

Zentzu honetan, Kalixa Silanes, Landa Garapenerako zinegotziak Antxeta Irratian gaur argitu du Azokaren Ekintza Plana martxan dagoela. Diagnostiko bat egina dago, baserritarrekin bileratan zehaztu egin dena. Hautetsiak aitortu du, "urtean bizpahiru alditan" gertatzen dela eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izatea. Izan ere, azokan erabiltzen diren xapitoek ez dituzte 30km ordutik gorako haize boladak eusten. Baina joan den asteazkenean bezala, "udalak alternatiba bezala Soroetako frontoia eskaini badu ere, ekoizleek ez dute egoki ikusi", Silanesen arabera.

Azoka finko eta duina

Izan ere, baserritarrek hainbatetan aldarrikatu dute, azokaren proiektua indartzeko gune finko bat behar dela. Eta bistan denez, larunbatetan San Pedro kalean antolatu ohi duten azoka egunak harrera hobeagoa duenez, Portua auzoan kokatu nahi dute balizko azoka aterpetua. Balizkoa, oraindik ere asmo edo proiektu bat baizik ez delako.

Kalixa Silanesek azaldu duenez, "Portuan kokatuko da, oraindik zehaztu ez den eremu batean. Non eta nola? Prozesuan dagoen HAPOak baldintzatuko duelako". Hortaz, HAPOa (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) onartu bitartean, udalak ezin izango dio azoka aterpetu eta iraunkor baten proiektuari heldu.

Dena dela, Azoka Ekintza Planaren diagnostikoak gida-lerro nagusiak azpimarratzen ditu. Asteazkenetan beharrean, ostegunetan pintxo-pote garaian egiteko aukera posible gisa aztertuz. Eta azokarako erabiltzen ez denean, ekitaldi sozio-kulturaletarako areto gisa erabili ahal izatea. Azokak herri bizi-giroa sustatzeko topaketa gune erreferente behar duelako.

Belaunaldi berriak

Bestalde, duela hamarkada laupabost ekoizlerekin hasi zen proiektua, gaur egun hamar bat ekoizle biltzen ditu bere baitan, baserritarrez gain, erlezain edota okinak tartean. Baina diagnostikoak ere agerian utzi du baserritarrak zahartzen doazten heinean, lehen sektorearen biziberritzeko beharra dagoela. "Belaunaldi berriak segurtatu behar dira, eta hori ere erronka handia da", aitortzen du udal ordezkariak.

Zentzu honetan, azoka erakargarri batek suerta dezakeen dinamikaz haratago, gazteak nekazaritzara lotzeko laborantzarako lurrak ere beharrezkoak dira. Garai batean Bottikako lurretan 5.000 metro koadroko hiru lursail eskaini zituen udalak helburu horrekin. Baina gaur egun, horretarako lur eremuak mugatuak dira Silanesen arabera. "Guadalupe inguruan bada beste eremu bat, Behemendirekin aztertzen ari garena, eta Erribera inguruan ere zenbait lursail identifikatu ditugu, herri-baratzak sustatu nahi ditugu ere", zin egiten du.

Momentuz, aldiz, egungo baserritarrek Damarri plazako xapitoetan eta eguraldiaren baitan jarraitu beharko dute. Eta herriko produktuaren etorkizunari helduko dieten nekazari gazteen belaunaldiak ez daude segurtatuak.

Azken berriak

Kepa Ordoki elkarteak "Pequeña velocidad" esparrua Memoria Demokratikoaren gune izendatzea eskatu du Ministroen Kontseiluan

Giza eskubideen astea Irunen

Ostomila txontxongilo taldea Boliviako nazioarteko festibalean

Elefante txuriaren Erromatar desfile handia Iruñean

Intxaurra antzezlana eskainiko dute Lesakan larunbatean

Bertso taldekako txapelketa ospatuko da larunbatean Beran eta Lesakan



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika