Podcast

Haurren ilusioari eutsiko diote pandemiaren oztopo ororen gaindi (2022-01-04 15:53:12)

Kalixa Silanes, Hondarribiko Kultur zinegotzia


Haurren ilusioari eutsiko diote pandemiaren oztopo ororen gaindi

Azken lau egunetan koronabirusaren transmisioaren abiadura Behe Bidasoan bikoiztu egin bada ere, Errege Magoek ez dute huts egingo Irunen eta Hondarribian. Alternatiba desberdinak proposatu dituzte bi udalek tradizio honi segurtasunez eusteko.

Hondarribiak astebetean 597 positibo berri gehitu ditu, eta 4.545eko tasarekin inoizko intzidentziarik altuena du une hontan. Irungo kasuan, aldiz, 4.341eko tasa markatu du urtarrilaren 2an, astebetean 1.968 kutsatu jaso ondotik.

Halere, kultura segurua delakoan dago Kalixa Silanes, Hondarribiko Udaleko kultura ordezkaria. «Bi urteotan erakutsi dugu dekretuak agintzen duena eta gehiago neurriak zorroztuz, ekitaldiak antolatu daitezkeela modu seguruan», nabarmendu du. Horregatik, aurtengo Erregeen Kabalgata ospatu beharrean, 2.400 bat bisitari espero dituzte Jostaldi pilotalekuan 15:00etatik 20:15era 45 minuturoko txandetan antolatutako erregeak ikusteko gunean. Gonbidapenak aldez aurretik Arma Plazan hartuta, bisitariak zerrendatuak daude, eta musukoa eta espazioak gordetzeko baldintzak ez ezik, sartu-irteerak leku desberdinetatik antolatzeko leku aproposa da. Era berean, urtarrilaren 4ko Erregeen Postariaren bisita ere, leku estatikoetan eginen dituzte ordu erdiro 17:00etatik hasita, Mendelu eta Amute-Kosta auzo elkarteetan, udaletxeko arkupeetan eta Portuko Maddalen plazan.

Irunen kabalgata kalez-kale

Jose Antonio Santano alkateak, aldiz, lekuak erreserbatu beharrean, ekitaldiak «aire zabalean» eta ahal den neurrian «jende pilaketak sahiestuz» antolatzea nahiago izan du. Haurrek postariari karta emateko 16:00etatik 20:00etara izango dute aukera udaletxeko arkupeetan, udaletxeko areto nagusian bildu beharrean. Eta kabalgata bere horretan mantentzen erabaki dute.

Dena dela, desfileak ez du beste urteetako xarmarik izango. 18:30ean abiatuko da Letxunborrotik eta hiriko zenbait kale zeharkatuko ditu: Hondarribia kalea, Colon ibilbidea, Eliza kalea, San Juan plazan, San Martzial kalea eta Urdanibia plazatik pasa, eta Eguzkitzalea eta Prudencia Arbide kaleen arteko bidegurutzean amaituko da. Aurtengoan ibilbidea 900 metrotan luzatuko dute eta geldialdirik gabe egingo da. Tren geltokiko harrera eta udaletxeko hitzartzerik ere ez da izango, eta ez dituzte goxokirik banatuko.

Zentzu honetan, herritarrei desfilearekin batera San Juan plazaruntz ez joateko eskatu die Udalak, hitzartzerik ez delako egongo.

Azken berriak

Mugazgaindiko harremanak estutzen jarraitzeko, lemixiko partaidetzazko aurrekontuak

Bidasoaz gaindi lekukoa elkarri emateko deia luzatu dute Korrikaren bueltan

Erosketa bonoen ekimenak irundarren 1,5 milioi euro mobilizatu eta Irunen geratzea ahalbidetu du

Epailearen esanak beteko ditu Irungo Udalak, Sohaibo Billa identifikatu gabe Blaian lurperatzea aginduko balu ere

Irungo emakumeen erdiak jasan du inoiz biolentzia matxista

Aldundiak Jaizkibel mendiko ondare arkeologikoa eta naturala noraino kaltetu dituen baloratzeko eskatu du Abotsanitzek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika