16 mar, 2023
Larunbata honetan 95 ametza landatuko dituzte San Telmo eremuan. Iaz herrian jaiotako seme-alaben izenean eta Jaizkibel mendia basoberritzeko helburuarekin antolatutako 'Zuhaitz Eguna'ri esker, ia 4.000 arbola landatu dituzte orain arte.
Dena prest dute Hondarribian, larunbatean goizeko 10:30etan herriko 95 familik Zuhaitz Eguna ospa dezaten. Ekitaldi sinbolikoa izan daiteke. Baina 1995az geroztik ia 4.000 zuhaitz (3.815) landatu dituzte 'Artzu'ko Gregorio Berrotaran zenak abian jarri zuen ekimen honi esker. Hasieran Oiamungo Gainan eta gerora Guadalupe inguruetan landaketak egin ondotik, azken urteetan bezala, larunbatean ere San Telmo eremuan landatuko dituzte ametzak.
Kalixa Silanes, Landa Garapanerako zinegotziak argitu digunez, San Telmo inguru horretan hainbat urteetarako lekua dute oraindik. Kendu beharreko pinudi bat bada eremu horretan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera luzatu diote hauek kendu eta ametzak landatzeko. Izan ere, ekimena sinbolikoa bada ere, mendia basoberritu eta bertako espezieekin birlandatzeko ere baliagarria bilakatu da.
Aurten 95 zuhaitz baizik ez dituzte landatuko. Hondarribiko jaiotze-tasaren apaltzearen seinale. Izan ere, 2008an 188 zuhaitz landatu zituztenetik, urtez-urte apaltzen joan da kopurua, eta azken urteetan nekez gainditu izan dute ehuneko kopurua.