Podcast

Hondarribiko garbitzaileen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu du ELA sindikatuak (2022-01-11 15:04:19)

Ainhoa Arretxe, ELAko ordezkaria


Hondarribiko garbitzaileen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu du ELA sindikatuak

2011z geroztik berritu gabe du Hondarribiko Udalak eskoletako eta udal eraikinetako garbitzaileen hitzarmena. Horrek gaur egun horretan ari diren 20tik gora langileen lan baldintzak ezin eguneratzea ekartzeaz gain, anartean sortu izan diren beharrei erantzuteko gaitasun eza ondorioztatu du ere. Pandemia hasi zenetik, adibidez, garbiketa zorroztu egin behar izan dute, baina agintariek ez dute tamainako begirunerik agertu horretan ari diren garbitzaileekin. ELA sindikatuak dioenez, «pandemiarekin garbitzaileen lan baldintzak zeharo okertu dira, garbiketa eta babeserako materiala ez zitzaien iristen, eta eskaera eginda ere, entzungorrarena egiten zuten. Lan karga ere bikoiztu egin zaie».

Soldata arrakala eta generokoa

Udalak ISS enpresari esleitua dio azpikontrata. Eta gaur egungo baldintzetan, udal eraikinetako garbitzaileen eta kale-garbitzaileen artean soldata arrakala dagoela salatzen dute. Ainhoa Arretxe, ELAko ordezkariak dioenez, «toxizitate edota penosidade plusak aintzat hartu gabe, oinarrizko soldatari errepratuta soilik, %5,25 gutxiago kobratzen dute kaleko garbitzaileekin alderatuta, eta administrazioan azpikontratarik gabe ari direnekin aldea oraindik handiagoa da». Gainera Txinzer sozietate publikoarentzat ari diren kale garbitzaileen kasuan, langileen gehiengoa gizonezkoa den bitartean, udal eraikinetakoan sektore feminizatua dela oroitarazten dute.

Hori dela eta, Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin bilera egin zuten duela zenbait hilabete. Berdintasunaren ikuspegitik onartezina zela aitortu zien arren, kontratazioa kudeatzen duen Juan Mari Altuna zinegotziarekin ez dute bilerarik lortu ahal izan orain arte. Aldiz, deialdia Preco-ren bitartez luzatu dute orain, eta «orain bai, entzunak izateko prestutasuna» agertu dutela iragarri du Arretxek.

Bien bitartean, ISS enpresako ordezkariekin bilera egin zuten urtarrilaren 10ean. Eta enpresak ez du negoziatzeko betarik eman ere. «Udalaren azpikontratazio bat dela, eta beraz, 2011tik berritu gabeko esleipenak markatzen dituen lan baldintzak Udalaren eskumena direla» erantzun die.

Abenduan zenbait udal eraikin eta eskoletan afitxatutako kartelez haratago, ez dute mobilizatzeko aukera baztertzen.

Azken berriak

Mugazgaindiko harremanak estutzen jarraitzeko, lemixiko partaidetzazko aurrekontuak

Bidasoaz gaindi lekukoa elkarri emateko deia luzatu dute Korrikaren bueltan

Erosketa bonoen ekimenak irundarren 1,5 milioi euro mobilizatu eta Irunen geratzea ahalbidetu du

Epailearen esanak beteko ditu Irungo Udalak, Sohaibo Billa identifikatu gabe Blaian lurperatzea aginduko balu ere

Irungo emakumeen erdiak jasan du inoiz biolentzia matxista

Aldundiak Jaizkibel mendiko ondare arkeologikoa eta naturala noraino kaltetu dituen baloratzeko eskatu du Abotsanitzek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika