13 sep, 2023
Irailaren 16tik 22ra ospatuko dute aurtengo Mugikortasun Astea Hondarribian. Udalak herriko eskolekin harremanetan, eta Aranzadi, Balazta zein Amuitz elkarteekin lankidetzan antolatuta "ibilgailuaren erabilera irrazionalaren ondorioetaz” jabetzeko deia egin du.
Gure mugitzeko erari buruz hausnartzeko beharra dagoela dio Estitxu Urtizbereak, Hirigintza eta Mugikortasun udal ordezkariak. “Hondarribian arazo bat dugu mugikortasunarekin, eta norkbere gogoeta egin beharra du egun hauetan, baina agintarien esku dago alternatibak bultzatzea”, dio Abotsanitzeko ordezkariak. Izan ere, herri mailako desplazamenduetan “autoak gutxitu eta mugitzeko modu isilagoak eta garbiagoak” bultzatu behar badira ere, Hondarribitik egunero ateratzen edo sarten diren autoen kopurua ikusita, hiri-eredua aldatzeko beharra eskatzen du bere ustetan. “Hondarribiak zubi bat besterik ez du herritik sartu eta ateratzeko, eta alternatibak bilatu beharko ditugu udala, diputazioa eta agintari orok”, gaineratu du.
Bien bitartean, astebeteko sentsibilizazio kanpaina honen baitan, herritar zein profesionalei zuzendutako hainbat hitzordu izango dira hausnarketarako. Hilaren 20ean Mugikortasun Mahaia praktikoa egingo dute herritarrekin batera Portuko mugikortasun arazoen eta aukeren diagnostiko baten egiteko. Hitzordua 18:00etan emana dute Sabin Arana kaletik abiatuta. Aurretik, hilaren 18an (9:30 eta 17:00etan) ‘Autobusetik bizikletara, elkarbizitza hobetuz’ jarduera praktikoa izango da, txirrindulari rola beteko duten autobus gidariekin. Eta hilaren 19an, 19:00etan ‘Hiri-mugikortasunaren oraina eta etorkizuna: Auto elektriko bat erostea interesatzen zait?’ hitzaldia antolatu dute Kultur Etxeko areto nagusian. Leku berean, baina hilaren 21ean 18:30ean, aldiz, eskolara bizikletaz joan daitezkeen ikasleen gurasoen “kezkak uxatu eta zalantzak argitzeko” ‘Eskola-bideak. Autonomia eraikitzen laguntzen’ hitzaldia izango da.
Mugikortasuna eta ingurumenaren zaintza
Nolanahi ere, programan herriko eragileek ere parte hartzen dute. Eta egitaraua bi planotan oinarritu dute. Batetik, mugikortasun jasangarria sustatzeko ekimenetan, eta bestetik, ingurumenaren zaintzari begira. Horren harira, Aranzadi Zientzi Elkarteak ‘Jaitzubiko padurak, biodibertsitate iturri: habitatak eta landareak’ izeneko bisita eskainiko dute. Jaitzubiko padurak osatzen dituzten zenbait habitat interesgarri ezagutuko dituzte herritarrek, galzorian den landare baten salbatzeko urtebeteko proiektua abiatu dutela aitzakia hartuta. Bestalde, ‘Jaitzubiko padurak, biodibertsitate iturri: hegaztiak eta beraien zaindariak’ izeneko saioa egingo dute. Txingudiko eraztuntze-estazioa bisitatuko dute hondarribiarrek, hegaztiak eraztuntzeko prozesua zuzenean ikusi ahal izango da. Izena emateko www.hondarribia.eus egin beharko da.
Mugikortasun jasangarriaren arloan, aldiz, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak eta Amuitz merkatarien elkarteak indarrak batu dituzte aurten. Herriko 42 komertziok kanpainan parte hartuko dute, eta erosketak egitera txirrindan doazten bezeroen artean Birziklatu programako bizikleta bat zozketatuko dute. Balaztak bere partetik, irailaren 16an Bizikleta Martxa proposatzen du. Gernikako Arbolatik 10:30etan abiatuko da, eta Irungo martxarekin Mendelun topo egin ondotik, paellada bat proposatuko dute familientzat. Era berean, irailaren 21ean Mugaz Gaindiko Gaueko Martxa antolatu duela Bidasoa-Txingudi partzuergoak Hendaia-Irun-Hondarribia lotuz. Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik abiatuko da 21:00etan. Hitzordu gehiago antolatu dituzte haur eta adinekoentzat ere. Egitaraua osoa www.hondarribia.eus/mugikortasuna