20 mar, 2023
2020az geroztik kontzesioa berritu gabe, kostaldeko Foru eta Ramon Iribarren kaleetako lursailetan eskuhartu ezinik dabil Hondarribiko Udala. Eskuduntza betirako lor dezan negoziatzen ari da Aitor Esteban jeltzalea.
Hondarribiko futbol zelaia eta inguruetako kirol eremuan zailtasun handiak topatu ditu udalak azken urtetoan espainiar Gobernuarekin. Kosta Zuzendaritzak Foru eta Ramon Iribarren kaleen kontzesioa berritzea 2020ko urrian ukatu zuenetik, Hondartza kirol-eremua eta erabilera pribatua duten Interlimen-Lurgorriko 430 etxebizitzak hunkitzen dituen egoera administratiboa zuzendu nahian dabil Hondarribiko Udala.
Horretarako bi bide ireki dituzte Madrilen. Udalak berak bide instituzionala. Eta bestea, politikoa, EAJko Kongresuko taldearen eskutik. Aitor Esteban parlamentaria izan zen joan den ostiralean Hondarribian horren berri emateko. Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioarekin "negoziaketa aurreratua" dagoela esan du. Eta kontzesioa berritzea ez ezik, kostaldeko lursail horien kudeaketa betirako udalaren esku gera dadin helburu duten elkarrizketa bideak ireki dituela Madrilen. "Adminsitrazioa prest dago horretarako, baina gauzak argitu egin beharko dira oraindik Espainiako Gobernua, Ogasuna, Kosta Zuzendaritza eta Udalaren artean", azaldu du.
Egungo egoera dela eta, udalak ezin du kirol-eremua kudeatu, ezta hobekuntza lanik egin ere. Eta aspaldi zintzilik du Hondartza futbol zelaia berritzea.
Bestelakoa izango da, aldiz, Interlimeneko etxebizitzen lursailari dagfokion negoziaketa. "Erabilera pribatua duenez, bide administratibo eta juridiko luzeagoa eskatuko du", aitortu du Estebanek.