Podcast

Iaz jaiotako 95 hondarribitarren ametzak martxoaren 18an landatuko dituzte

Kalixa Silanes, Hondarribiko Ingurumen eta Landa Garapenerako zinegotzia


Iaz jaiotako 95 hondarribitarren ametzak martxoaren 18an landatuko dituzte

2022an mundura sortu ziren 95 hondarribitarrek beren 'Zuhaitz Eguna' izango dute San Telmo inguruetan. Jaioberri bezainbeste tokiko ametza (Quercus Pyrenaicus) landatuko dituzte aurten.

Jaizkibel mendia basoberritzeko eta belaunaldi gazteen artean mendizaletasuna eta naturarekiko errespetua sustatzeko helburuarekin, Gregorio Berrotaran zenak 1996ean abian jarritako ekimen sinbolikoak inoiz izandako kopururik urriena du aurtengoa. Baina herriko jaiotze-tasa azken hamarkadan erdira apaldu bada ere, Hondarribiko 'Zuhaitz Eguna'k egin duen 27 urteko ibilbideari esker, udalak 4.000 zuhaitz baino gehiago landatu ditu honezkero. Hasieran lerrokatuta, eta azken urteetan baso libre formatuan.

Bertako zuhaitzen beharra

Jaizkibel mendia begiratu besterik ez da egin behar ohartzeko, azken 30 urteotan berdetu egin dela. Baso Biziak Plataformak salatu duenez, garai bateko suteen ondorioz, eta ondorengo egur ustiaketarengatik ere mendiko eremuen %94a "higadura handiko" lurrak dira. Eta baso natural eta autoktono gutxi dago pinu eta eukaliptoen mesedetan. Aldiz, Kalixa Silanes, Ingurumen eta Landa Garapenerako zinegotziak dioenez, "gaur egun itzala badago mendian, eta hori eskertzekoa da".

Baina ohartu gabean, ekimen sinboliko honek bere eragina izan du urteen poderioz. "Mendia basoberritzen jarraitu beharra dago, eta hondar ale bat gehiago da, baina bertako espezieen aldeko landaketak egiten ari da udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Arantzadi Zientzi Elkartearekin lankidetzan, baita landare inbaditzaileen kontrako lan handia ere".

Iazko ekitaldia berezia izan zen. Pandemiak markatuta, hiru urtetan herrian jaiotakoen zuhaitzak landatu behar izan zituztelako. Aurten, aldiz, martxoaren 18an ospatuko da Zuhaitz Eguna 95 jaioberri eta familiekin. Eta ekitaldi berean, 2016an jaiotakoei mendian ibiltzeko makil bana emango die udalak, Artzuko Gregorio Berrotaranek egin ohi zuen bezala.

Azken berriak

Nafarroako Parlamentuan Bidasoaldeko migrazioaren errealitatea azalduko du Irungo Harrera Sareak

Bizikletaz mugitzea Hendaian oraino arriskutsua dela salatu dute

Mobilizazioetan etenik ez... zentsura mozioak Gobernua eta Erretreta Erreforma desegingo ote duen esperoan

Pentsioen defentsaren borrokan jarraitzeko indarturik itzuli dira Bilbotik

Hondartzako kirol-eremua udalaren eskuduntza izan dadin negoziatzen ari da EAJ Madrilen

LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei buruz hausnartzeko hitzordu bana hilero



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika