Podcast

irun hiriko urrezko domina

irun hiriko urrezko domina

Irun Hiriko Urrezko Domina

Jaime Rodríguez Salís eta Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Irunen duen ordezkaritzari Irun Hiriko Urrezko Domina ematea erabaki du Udalak. Hala erabaki dute udal talde politiko guztiek aho batez. Eta ez ohikoa den batasun irudia emanez, atzo Jose Antonio Santano alkatea oposizioko udal taldeetako ordezkari guztiekin batera azaldu zen erabaki horren berri emateko. Irungo Udalbatzak 2003an Ohore eta Aipamen Araudiarekin batera, hiriko Urrezko Domina emateko irizpideak onartu zituenetik, lau izan dira egin dituen aitortzak. Behar Bidasoa gobernuz kanpoko erakundeko Jose Ramon Amunarrizi hil ostean aitortutakoa edota 2006an Menchu Gal margolariari emandakoa besteren artean. Kasu honetan, egindako lanarekin gizartean sortu duten bizikidetza, eskuzabaltasuna edo lortutako errespetuagatik, heldu den urriaren 20an Jaime Rodriguez Salis omenduko dute. 1926. urtean jaiotako irundar hau, Dolores Salis eskultore eta idazlearen eta Luis de Urantzuren semea da. Eta Oiasso Erromatar Museoaren sorreran laguntzeaz gain, eskualdeko erromatar historia berreskuratzeko lan arkeologikoen aitzindarietako bat dugu. Higer lurmuturreko edota Ama Xantalengoak zuzendu baitzituen 60. hamarkadan. Ongi ezagutzen du arte garaikidea ere. Harreman estua izan baitzuen Gaur taldeko Oteiza, Basterretxea etabarrekin... Baina Jose Antonio Santano alkatearen arabera, domina emateko arrazoiak ugariak dira. SANTANO:"berak meritu handiko ibilbidea egin du, eta horrek eraman gaitu erabaki hau hartzera. Gaur egun Arkeolan eta Luis de Urantzu elkarteetako presidentea da, baina harago joanda, irundarra da bihotzez, eta horrek eraman dio hiriko kultura, artea eta historia bere bizitzan zehar bultzatzera". Bestalde, urriaren 20 horretan ere, Odol Emaileen Elkartea Irunen 1970. urtean sortu zutenetik, bertako ordezkaritzak egin duen lana goraipatzeko unea iritsi dela uste dute udaletik. Eta beraz, kolektibo honi ere Urrezko Domina emango diote. SANTANO: "Aukera paregabea dugu, "eskuzabaltasun anonimorik handiena" balioan jartzeko. Odola ematen duten milaka lagunena, hortik abiatuta askoren bizitza salbatzen delako. Eta inork ez du domina bat espero odola emateagatik. Baina horregatik hain zuzen erabaki dugu aitortza hau egitea. Datu bat nabarmendu, 42 urteotan Irunen 37.865 odol unitate jaso dituzte, eta aurten ohiko 684 odol emaile daude". Aurten momentuz, 1.500 odol unitate jaso dituzte, Ospitale Zaharreko euren permanentzietan.

Azken berriak

Alardearen erronkak Irungo V. Berdintasun Planean ezinbestean txertatu behar direla esan du Emakundek

Hendaia-Baiona arteko korridore seguruak aldarrikatuko dituzte larunbatean Pausun

'Hondamendia' dator Hondarribira kontsumo gizarteari buruz hausnartzeko

Erretreten erreformak geldiarazteko borrokan indarrak biltzen hasi dira mugaz gaindi

Iaz jaiotako 95 hondarribitarren ametzak martxoaren 18an landatuko dituzte

Komunitatea eraikitzeko tresna gisa baliatzen ari da euskara Dunboa eskola publikoa



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika