Podcast

Irundarren eta migranteen premiak begiz jota ditu EH Bilduk 2022rako (2021-12-01 16:19:04)

Jokin Melida, Irungo EH Bilduko bozeramailea


Irundarren eta migranteen premiak begiz jota ditu EH Bilduk 2022rako

Irundarren bizitza hobetzeko helburuarekin, aurreko urteetako planteamenduetan sakontzeko emendakinak aurkeztu ditu EH Bilduk 2022ko udal aurrekontuei begira. Auzoak, etxebizitza soziala eta euskara dira koalizio abertzaleak egiten dituen zuzenketa nagusiak. Baita egunero kale gorrian geratzen diren trantsitozko migranteei harrera ere, beste erakundeek egingo ez duten bitartean Udalak segurtatzea. Udalaz beste administrazioen baitan diren dispositiboetatik kanpo uzten dituzten migranteei ezin zaiela “bizkarra eman” uste du Jokin Melida hautetsiak.

Hala, martxan diren baliabideek errealitateari erantzuten ez diotenez, eta “ia gauero hainbat pertsona kalean geratzen direnez, behar-beharrezkoa da dispositibo hauetatik geratzen diren pertsona hauei erantzun bat ematea”. Horregatik, eta “inork ez duelako nahi beste tragediarik”, Irungo Udalari kanpoan geratzen diren pertsona hauen profila eta kasuistikarekin txosten tekniko bat egin dezala eskatu diote.

Auzoekin pentsatuz

Landetxa, Anaka eta Elitxura zenbait udal zerbitzu publiko deszentralizatzea proposatzen du EH Bilduk. “Izaera eta eguneroko bizitza propioa duten auzo nagusi guzietara” hedatu nahiko lukete gero, baina abiapuntu gisa SAC/HAZeko bulego zerbitzua, Gizarte Ongizate arloaren lehenengo leihatila, eta hirugarrenik, CBA kulturgunearekin sarean funtzionatuko lukeen kulturgune edo auzo liburutegi bat eskatu dute.

Etxebizitzaren premia gorria

Bestalde, etxebizitzaren merkatu pribatua, pribatiboa bilakatu den heinean. Ezinezkoa, Gipuzkoako batazbesteko errentarik apalenak (21.600 euro urtean) dituen hiriko, gazte eta familia askorentzat, IRUNVIk etxebizitza parke publikoa handitu dezala proposatzen du EH Bilduk. “Dagoeneko adostuta ditugun hainbat eremutako etxebizitzez gain, bueltan datozten etxeak eros ditzala eskatzen dugu”. Ondoren, etxebizitza hauek alokairu sozialean eskainiko lirateke Irunek daukan arazo larri honi irtenbide progresiboa eman ahal izateko.

Euskara arloan jauzi kualitatiboa

Euskararen erabilera sustatzeko hizkuntz-politiketan jauzi kualitatiboa eman dezan eskatzen diote udal gobernuari ere. Hainbat proposamen zehatzekin, eta udal ordezkariek euren agerraldi publikoetan eta eguneroko harremanetan euskara bermatu dezatela ere, “eredugarri” izan behar dutelako. Era berean, “udal kontratu eta pleguetan euskara klausulak betetzen diren jarraipena areagotzea eta sistematizatzea” proposatuko dute.

Azken berriak

Mugazgaindiko harremanak estutzen jarraitzeko, lemixiko partaidetzazko aurrekontuak

Bidasoaz gaindi lekukoa elkarri emateko deia luzatu dute Korrikaren bueltan

Erosketa bonoen ekimenak irundarren 1,5 milioi euro mobilizatu eta Irunen geratzea ahalbidetu du

Epailearen esanak beteko ditu Irungo Udalak, Sohaibo Billa identifikatu gabe Blaian lurperatzea aginduko balu ere

Irungo emakumeen erdiak jasan du inoiz biolentzia matxista

Aldundiak Jaizkibel mendiko ondare arkeologikoa eta naturala noraino kaltetu dituen baloratzeko eskatu du Abotsanitzek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika