13 mar, 2023
Gurutze Gorriko aterpetxea eta dispositibo sozialak nekez erabiltzen dituztenez, magrebiar jatorrizko migranteak ez dira datu ofizialetan sartzen. Aldiz, Hendaiako erretentzio zentroan atxikiak eta frantses poliziak beroan itzultzen dituenen gehiengo bat osatzen du kolektibo honek.
Trantsitoan diren migratzaileei buruzko azterketa soziologikoa egin du Begirune Fundazioak Irungo Udalaren enkarguz. EH Bilduk proposatutako zuzenketa bati esker diruztatu ahal izan da azterketa hau. Eta 2022ko udazkenean (urria-azaroan) egin zuten. Irungo Gurutze Gorriko Arretxe Gainako aterpetik 21 egunez iragan diren 214 migratzaileri, eta sakontasun handiagoko elkarrizketak egiten beste 9 migratzaileri bildutako informazioan oinarritu dute azterlana. Baionako Pausa zentroan ere izan dira. Eta Bidasoaz bi aldeetan bolondreski migratzaileak sustengatzen dituzten Irungo Harrera Sarea, Bidasoa Etorkinekin eta Diakite eragileekin ere informazioa bildu dute.
Azterketak “udazken horretako argazki finkoa” eskaintzen duela aitortu du Xabier Ayerdi soziologoa eta Begirune Fundazioko presidenteak. Eta garrantzitsuena erakunde publikoek segimendua egin eta migranteen beharretara egokitzea dela nabarmendu du. Nolanahi ere, 2018an fluxu migratorioak aldatu eta migrazio fenomenoa Irunen nabarmena egin zenetik bezala, migratzaileen %75a inguru 18-25 urte arteko afrikar jatorriko gizona den bitartean, (Mali, Ginea-Konakry eta Afrika mendebaldekoa), %20a 18-25 urte arteko emakumea da. Eta %5a adin txikikoa, hala denean amaren esku beti. “Zenbait kasutan haurraren adina ikusita, migrazio bidean bertan jaiotako haurrak” direla ohartarazi du Begirune Fundazioko Lucia Rodriguez ikerlariak.
Frantziako migrazio politiken gogortasuna pairatzen dutela aitortu diete, baina %90ak ondo baloratu ditu Irunen jasotako aterpe eta harrera dispositiboak. “Migratzaileen kezka handiena muga zeharkatzea da, eta kasuen %80an Frantzia dute helmuga”. Xabier Ayerdik dioenez, “%98ak aitortu du, %100a ez esateagatik, pentsatu ere ez duela egin Euskal Herrian geratzea, migrazioa modu kaotikoan egiten dela pentsatu ohi dugu, baina euren sareak eta helmuga izan ohi dute, herrikide edo familiarengana iristeko helburuarekin”.
Magrebiar jatorrizkoen zalantza
Baina azterlan honek agerian utzi duen berritasun nagusia, beharbada, magrebiar jatorrizko migratzaileen errealitate isila da. Izan ere, aterpetxeko datuek ez dute bat egiten, frantses poliziak Hendaiako Erretentzio Zentroan atxilotu edota mugan itzuli ohi dituen migratzaileen kopuruekin. Diotenez, “magrebiarrek ez dituzte dispositibo sozialak erabiltzen”. Eta beraz, administrazioaren kopuru ofizialetan ere ez dira azaltzen. Xabier Ayerdik dioenez, argitu beharko da zein den arrazoia, baina hiru izan daitezke. “Irunen bizi diren etorkinen komunitate zabalena magrebiarra izanik, euren sare propioa dutelako migrazio bidean, eta ez dute erakundeen babesik behar. Baina kezkagarriago ere izan daitezke beste arrazoi posibleak”, aitortzen du.
Izan ere, magrebiar asko paperik gabekoak direla ohartarazi dute. Edota espainiar Estatuan instalatzen saiatu eta porrot egin ondotik, Frantziarako bidea hartzen dutela. Bi kasu horietan, estatuan urtebete baino gehiago eramateagatik izan ala paperik gabekoa izanagatik ere, Gurutze Gorriko aterpetxea erabiltzeko eskubidea galduko lukete, eta beraz, nekez erabili ahal izango lituzkete. Datu ez ofizialetara pasatuz. Halakoetan, Irungo Udalak eta gainerako erakunde publikoen esku geratuko litzake alternatibak eskaintzea, kale gorrian gera ez daitezen.